Azken hilabetetan "elikadura arloko gabeziak bereziki agerian" gelditu direla iritzita, alternatibak eskaini gura ditu saioak: "Argi geratu da zein menpekoak garen Euskal Herrian beste lurralde batzuetatik ekarri behar ditugun elikagaiak kontsumitzera. Azken hiru hamarkadetan elikagaien eta nekazaritzaren arloan aplikatu diren politikek gaur egun bizi dugun egoerara eraman gaituzte. Izan ere, garraioaren grebak erakutsi digu garraiorik gabe supermerkatuetako apalak husten direla".
Elikadura Mahaiaren esperientziatik
Egoera horren aurrean, hainbat baliabide aurkeztuko dituzte hilaren 26an Ehunduk eta Ereindajanek egingo duten mahai inguruan. Bergarako Elikadura Mahaiko Ainhoa Narbaiza (Ereindajan) izango da hizlari; herrian eta lehen sektorean dauden kezkei erantzuteko asmoz Elikadura Mahaia sortu zuten eta hainbat proiektutan lanean ibili dira, elikadura kate osoan eragiteko asmoz. Honez gain, Bergaran eta Elgetan eskola-jantokien eremuan sortu diren aukeren berri emango du.
Etxalde agroekologikoen bidea lehen lerroan ezarriz, Pikunieta baserriko Josebe Blanco ere izango da. Esperientzia propioetatik tiraka lan-tresna eta proposamen ezberdinen inguruan arituko da.