Beñat Rezustak Erik Jaka, Unai Laso eta Iñaki Artolarekin neurtuko ditu indarrak 2022ko buruz buruko txapelketako final laurdenetako ligaxkan. Goi-mailako hiru aurrelari gainditu beharko ditu atzelari bergararrak, beraz, final erdietara iristeko. Iaz gai izan zen hori lortzeko, eta finala ere jokatu zuen Jokin Altunaren aurka, Iñaki Artolaren lesioa tarteko. Amezketarrak 22-5 irabazi zion.
Lehenengoa, herrikideen aurrean
Bergararra eta Jose Javier Zabaleta izango dira lehian jarraitzen duten zortzi pilotarien artean atzelari bakarrak. Rezustak frontoiko giroa alde izango du Erik Jakaren aurkako partiduan, herrikideek, ohi bezala, gogotik animatuko baitute. Jakak beste ezkerti bat, Iker Irribarria, kanporatu zuen atzo, 22-15 irabazita, eta badaki buruz buruko txapela janztea zer den, 2020an lortu baitzuen balentria. Hala ere, Rezusta modalitate horretan iaioa dela erakusten saiatuko da beste behin.
Dagoeneko egin dute material aukeraketa. Jakak 104,5 eta 104,8 gramoko pilota bana aukeratu du, eta Rezustak, astunxeagoak, 104,7 eta 105,5 gramokoak.