Auto bat, bizikletak, kanpin-dendak eta beste lapurtu dituzte Bergarako garaje komunitario baten

Eneko Azkarate Laspiur 2022ko api. 7a, 12:37

Lapurretan egin duten Zurraderoko etxebizitzen garaje komunitariorako sarrera-irteera.

Lapurretan egin dute Bergarako Zurradero kaleko etxabeetako garaje komunitario baten. 15 salaketa jaso dituzte Bergarako ertzain-etxean. Ostu dituztenen artean: auto bat, bizikletak, mendiko arropak, kanpin-dendak, lo-zakuak, janari kontserbak, edariak… Azkenaldiko "lapurretarik handiena" izan dela diote ertzainen iturriek.

Martitzenetik eguaztenera arteko gauean gertatu da. Garajeetan aurkitutako denetariko materiala eroan dute lapurrek, baita giltzak jarrita zituen Honda markako auto bat ere. "Ez da ohikoa horrenbeste gauza eroatea; jeneralean, balio handiko bizikleta elektrikoen eta bestelakoen bila joan ohi dira lapurrak garajeetan sartu direnean, baina uste dugu autoa lapurtzean, auto barruan gordeta eroan ahal izan dituztela beste hainbat gauza" diote Bergarako ertzain-etxetik. Lapurtutakoen artean, janariak, edariak, erremintak, arropak, kanpin-dendak, lo-zakuak, bizikletak…

Ertzainek diotenez, azkenaldian, batik bat pandemia sasoian-eta, ez da halako lapurreta handirik gertatu eta inguruan azkenaldiko mota honetako bakarra da Bergarako Zurraderoko garajeetakoa. Oraingoz, 15 salaketa jaso dituzte.

Ertzainek diote auto barruan giltzak ez uztea komeni dela, autoa zabalik lagata ere. Bestelako gomendio batzuk ere eman dituzte: garaje komunitariotik ateratzerakoan atea itxi arte itxoitea edota kamerak jartzea garaje sarreran edo pasilloetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak