Gipuzkoako Bazkundeak emandako enpresa onenaren saria jaso du Bergarako Lacor-Ibilik

Oihana Elorza Gorostiza 2022ko api. 1a, 19:28

Sukalderako tresnak egiten ditu Lacor-Ibilik. (Argazkia: Lacor).

Gipuzkoako Enpresa sariak eman ditu gaur Gipuzkoako Bazkundeak. Bergarako Lacor-Ibilik urteko enpresa onenaren saria jaso du. Arrasateko Fagor Electronica ere saritu du Bazkundeak, Enpresa nazioartekotzea sariarekin.

Sukaldeko eta ostalaritzako tresneria egiten duen Bergarako Grupo Lacor-Ibili enpresak urteko Gipuzkoako enpresa onenaren saria jaso du gaur Gipuzkoako Bazkundearen eskutik.

"Logistika-azpiegituran inbertitzeko egin duen apustuagatik, produktuaren garapenean duen dinamismoagatik, diseinuagatik eta berrikuntzagatik, merkatuaren eskakizunetara egokitzeagatik edo pandemiak ekarri duen erronkari erantzuteko izan duen gaitasunagatik" eman diote saria.

Egun hirugarren belaunaldia du Lacor-Ibili taldeak eta 80 herrialde baino gehiagotan saltzen ditu produktuak. 2021ean 180 langile inguru zituen eta 75 milioi eurotik gorako fakturazioa izan zuen.

Enpresa Nazioartekotze Saria, berriz, Arrasateko Fagor Electronicak jaso du, enpresak "nazioartekotzen aitzindari izateagatik", 1992an Asian bere lehen ekoizpen-planta martxan jarri zuelako, eta "nazioartekotze-bultzada berrituagatik", azken bi urteetan beste lau herrialdetan ekoizpen-plantak ireki dituelako.

Gipuzkoako Bazkundeak emandako datuen arabera, taldearen fakturazio-bolumena 75 milioi euro ingurukoa izan zen 2021ean, eta pandemiak eragin gabeko goranzko bilakaera-dinamika izan zuen. Salmentak % 35 izan ziren Europan, %40 Asiako kontinentean eta % 25 Amerikan. Aldaketa azkarrean dagoen mundu honetan nazioarteko hedapen bizkorrean izan duen arrakastagatik eman diote saria.

Ekitaldian saritutako beste enpresak dira: Irungo Dinuy, ETE Enpresa Industriala sariarekin, Olaberriko Suministros GAME S.A., Zerbitzu Enpresa sariarekin, eta Donostiako BioTech Foods, Berrikuntza Enpresa sariarekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak