Hezkuntza sistema aldatzeko, ikasleria martxan leloarekin antolatu ditu Ikamak gaurko mobilizazioak. Aurretik zetorren "hezkuntzaren prekarizazioa" pandemiak "bortizki azeleratu" duela dio Ikamak, eta "hezkuntza, gizarteko beste esparru batzuk bezala, krisian dagoela". Salatu dituzte "kontrolerako mekanismoak", eta "pandemiaren ondorioz" sortutako "gaitz psikologikoen aurrean inolako neurririk" hartu ez dela ere bai. Eta gaineratu dute: "Ikasleok aski dela esatera gatoz".
Ikamak jakitera eman duenez, Oñatiko Txantxiku ikastolako eta Bergarako Mariaren Lagundiako ikasleek ez dute greba deitzeko aukerarik izan: "Lehenengo kasuan, arrazoi antzekoengatik hil berean bi greba deitu ezin direla argudiatuta, eta, bigarrenean, paroa deitzeko aukera zuzendaritzak hasieratik baztertu duelako". Eskualdeko Ikamak "bi kasuak salatu eta greba egitea eskubidea dela aldarrikatu" nahi izan du.