Tropel handia batu da gaur Gorlako Igoerako 47. edizioan, baina txirrindulari askok apenas izan dute lasterketaz gozatzeko tartea, talde nagusiek sekulako erritmoa jarri dutelako –bereziki Lizartek–, eta askok lehenengo maldak hastearekin batera amore eman behar izan dute. Lasterketa hasieran, bailaran barrena egindako kilometro azkarretan 9 laguneko talde batek aurrera egin du, eta 10 segundotako aldea izatera iritsi dira, baina ez gehiago, eta harrapatu egin dituzte, noski. Benetako aginte makila Lizartek hartu du, Gorlan gora 82. kilometro inguruan –lehenengo igoeran– erritmo itogarria jarri dute, eta asko atzean geratu dira. Hala, Lizartekoekin batera beste 20 bat lagun iritsi dira gora –Lizarteko Diego Uriarterendako izan da Malatu saria–, eta Aizpurutxon beste 10 lagun batu zaizkie atzetik etorrita. Hor, 40 lagun batera iritsi dira Deskargako gainera, eta bati baino gehiagori lepoa luzatu zaio Deskargara bidean.
Egurrean joan dira Lizartekoak, erakustaldia eman dute talde moduan –talde onenaren saria eurendako izan da– eta bigarren igoera erabakigarrian ere eurak izan dira, protagonistak ordezkatuz, erritmoa jarri dutenak. Halako batean irabazleak egin du aurrera, Pablo Castrillok –anaia Jaime Castrillo Kern Pharman dabil, eta Gorlan ere protagonista izandakoa da– eta bidea egin du Jakakoak. Taldekide bat gerturatu zaio hasiera batean, eta tarte batean biek egin dute aurrera, baina Castrillok erritmo hobea zuen eta azken tartea bakarrik egin du ostera. Pentsa zer nolako nagusitasuna izan duten, lehenengo lau sailkatuetatik hiru talde berekoak izan direla. José Marín (Telco'm On Clima Osés) izan da Lizartekoei aurre egin eta podiumeko hirugarren koskara igotzeko kapaz izan den bakarra. Horrekin batera, Laboral Kutxako Enekoitz Azparren da Euskaduna Txapelketako liderra.
Lasterketako sailkapena, hemen.