Hamahiru eguen eta beste hainbeste ibilaldi, 'Bergara Oinez' ekimenean

Jon Irizar Aranguren 2022ko mar. 23a, 18:19

'Bergara Oinez' ekimeneko antolatzaileak, kartelekin. (Argazkia: Bergarako Udala)

"Osasuna zaintzea eta harremanak sustatzea" helburu, martxoaren 31an itzuliko da Bergara Oinez. Hamahiru eguenetan hamahiru ibilaldi antolatu dituzte ekimenera batu diren hamabi eragileek. Aurtengoan, gainera "taldeari egokitutako" ariketa fisiko saioak egingo dira eguraldi txarragatik ibilaldia ez egitea erabakitzen den egunetan.

Herritar guztiak "ongietorriak" diren arren, Bergarako 65 urtetik gorakoek ez dute aspertzeko betarik izango urtea amaitu bitarteko hamahiru eguen goizetan. 10:00etan Agorrosinetik abiatuta, ordubete eta ordu eta erdi arteko hamahiru ibilaldi "erraz eta irisgarri" antolatu dituzte Bergara Oinez ekimenaren bueltan. Ostean, gainera, hamarretako osasuntsua emango zaie parte-hartzaileei, "osasun neurriek ahalbidetzen badute", bederen.

Jardun, Pol-Pol, Aranzadi Ikastola, Mariaren Lagundia, Osasun Publikoa, Duintasuna, San Joxepe, BPXport, ASPACE, Bergarako anbulatorioa, Goyeneche fundazioa eta Bergarako Udalak elkarlanean antolatutako ekimenak "osasuna zaintzea eta harremanak sustatzea" ditu helburu; jarduera fisikoa eginez, "sozializazioa indartzea", alegia.

Martxoaren 31an, apirilaren 28an, maiatzaren 12 eta 26an, ekainaren 9 eta 13an, uztailaren 14an, irailaren 22an, urriaren 6 eta 10ean, azaroaren 3 eta 17an eta abenduaren 1ean izango dute herritarrek horretarako aukera. Parte-hartzeko, hiru egun aurretik Agorrosinen edo San Joxepe elkartean izena ematea "komeni" dela adierazi dute ekimenaren antolatzaileek.

Alternatiba

Aurtengoan, gainera, eguraldia ez da helburuak betetzeko traba izango. Izan ere, eguraldi txarragatik ibilaldia ez egitea erabakitzen den egunetan "taldeari egokitutako" ariketa fisiko saioak egingo dira Agorrosingo kirol gunean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak