Mailaz igotzearekin itsutu barik, lanean

Xabier Urtzelai 2022ko mar. 18a, 18:00

Bergara Soraluce taldeko kideak, talde erretratuan.

Bergara Soraluce taldeko neskak denboraldi borobila egiten dabiltza Gipuzkoako bigarren mailan. Bigarren postuan daude eta zortzi jardunaldi geratzen zaizkie liga amaitzeko. Alex Familiar entrenatzailea, baina, ez dago mailaz igotzearekin itsututa.

Bergara Soraluce taldeko neskak gozatzen dabiltza aurten. Gozatzen partiduetan, eta gozatzen entrenamendu saioetan. "Oso ondo gaude, hori da egia, eta denean igartzen da. Taldean oso giro ona dugu, eta entrenatzaileok ere gustura joaten gara lanera. Zortzi partidu geratzen dira, eta bai, aurrean gaude, baina ez diogu horri erreparatzen. Zortzi jardunaldi hauekin gozatu gura dugu, eta gero, ekainean, aurrean amaitu badugu erabakiko dugu zer egin", adierazi du taldeko entrenatzaile Alex Familiarrek.

Izan ere, Bergara Soraluceko kideek ligan jokatutako hamazortzi partiduetatik hamabost irabazi dituzte, eta Erroibide taldea baino ez da izan kapaz emaitza hobeak eskuratzeko – horiek ligako partidu guztiak irabazi dituzte–. Hala, emaitza oso onak badira ere, Familiarrek ez du, oraingoz, igoerekin pentsatzen hasteko asmorik. Izan ere, bergararrak urteak daramatza saskibaloiari lotuta, eta denetariko esperientziak bizi izan ditu. "Badakit mailaz igotzeko aukera izateak ilusioak pizten dituela, jendea hasi dela aukera horren gainean berbetan. Duela bi urte ere lortu genuen mailaz igotzea, baina gero, pausoa ez ematea erabaki genuen. Azken batean, guretako garrantzitsua ez da lehenengo edo bigarren mailan jokatzea. Guretako kirol proiektua da garrantzitsua. Duela hiru urte eta erdi atera genuen senior mailako nesken taldea, eta eurekin eta harrobiarekin lanean jarraitu behar dugu. Badakit zer den mailaz igotzea eta konturatzea liga hori handi geratzen zaizula, badakit partiduak bata bestearen ostean galtzea zer den, zelan eragiten duen horrek jokalariengan. Horregatik diot ekainean ikusiko dugula datorren urtean ze talde izango dugun, zenbat joango diren kanpora ikastera, harrobian zer daukagun... Horiek guztiak hartu behar dira kontuan erabakia hartzeko orduan; ez dago presarik".

Defentsako lanean, onenak

Oraingoz, etorkizun laburrean pentsatzen dabiltza mahoneroak, eta etorkizun labur hori domekako norgehiagoka da –16:00, Labegaraieta–. "Oiartzunen bisita izango dugu, eta duela hilabete batzuk esango nizuke, berez, ez dela ligako kontrario gogorrenetako bat, sailkapenaren erdi inguruan dabilen taldea delako. Baina azken lau partiduak irabazi egin dituzte, eta hori ere kontuan izan behar dugu". Kontrara, kontuan hartu behar da, baita ere, bergararrek denboraldi osoan partidu bakarra galdu dutela etxean, eta azken bost partiduak jarraian irabazi dituztela. "Bai, alde horretatik, uste dut orain momentuan ligako defentsa onena daukagula, oso indartsu gaude arlo horretan. Bi baja ditugu, Naroa Aranguren eta Maria Martinez min hartuta ditugu, baina gainontzeko jokalariak oso maila polita erakusten dabiltza".

Mutilak, liderraren kantxara

Gipuzkoako lehenengo senior mailan jokatzen duen Bergara Soraluceren egoera bestelakoa da. Mahoneroak mailari eusteko lehian dabiltza, eta Avia Eibar eta Electricidad Perosanz taldeak baino ez dituzte sailkapenean atzerago. Egia da, baita ere, puntu kopuru berberarekin (28) lau talde daudela pilatuta: Añorga, Hernani, Cafes Aitona eta Bergara. Hala, asteburuan bergararrek erronka handia izango dute, kategoriako liderraren kantxan jokatuko dute eta. Domeka eguerdian Donostian dute hitzordua –12:00, Benta Berri kiroldegia–, Inter de Mitente taldearen kontra. Nabarmentzekoa da talde horrek oraindik ez duela etxean partidurik galdu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak