Udalaren baliabideak Ukrainako errefuxiatuei bideratzea eskatu du Bergarako EAJk

Mirari Altube Arrese 2022ko mar. 17a, 15:10

Errusiar inbasioaren ondorioz lekualdatutako eta errefuxiatutako ukrainarrei "harrera duina" eskaintzeko helburuarekin Bergaran dauden aukerak identifikatzea eta zehaztea gura dute jeltzaleek eta horretarako, jarraipen mahaia eratzea eskatu dute bozeramaileen mahaian. Baliabideen azterketa egin eta horien lagapenerako "beharrezkoak diren pausuak lehenbailehen" egitea gura dute, martxoko ohiko bilkuran "beharrezko onarpenak emateko".

"Errusiaren inbasioaren aurrean Ukrainako herriari lagundu beharra dago, erantzukizunez eta erantzukidetasunez" adierazi du Bergarako EAJko Udal taldeko bozeramaile Maite Agirrek. Alkate-ordeari eskatu dio taldeak jartzeko harremanetan Eusko Jaurlaritzarekin, Aldundiarekin eta Eudelekin baliabideak eskaintzeko; izan ere, uste du euskal erakundeekin "koordinazio lana" ezinbestekoa dela: "Bergarak ezin du bere aldetik lan egin, koordinatuta lan egin beharra dugu, Euskal erakundeekin elkarlanean, etorriko zaigun horri erantzunik egokiena, duinena eta zuzenena eskaintzeko".

Bergarako Udalak hainbat etxebizitza dituela gogorarazi dute: Uberako etxea, Elosuko apaiz-etxea, eta herri erdigunean pare bat etxebizitza, besteak beste. "Jakin badakigu egokitu egin beharko direla, noski; garbiketa, horniketa… Baina garaiz gabiltza eta bizi dugun egoerak hala eskatzen duela uste dugu", adierazi du Agirrek. Era berean, herritarrek eskainitako etxebizitzak ere aztertzea proposatu dute.

Hori guztia aztertzeko jarraipen mahai bat martxan jartzea eskatu dute jeltzaleek, "pausuak elkarrekin emateko" eta gainontzeko euskal erakundeekin "elkarlana bultzatzeko".

1936ko Gerra Zibila ekarri dute gogora, "memorian ondo jasota daukaten sarraskia" bergararrek: "Orain guri tokatzen zaigu besteek gurekin egin zuten lan hori egitea".

Era berean, Bergarako jeltzaleek erabat gaitzetsi dute Vladimir Putinek hasi duen inbasioa eta "sortzen ari den sarraskia eta sufrimendua". Eta babesa eta laguntza eskaini diete ukrainarrei.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak