Bergara mailako laguntzari begira, Bergaran bizi diren ukrainar jatorriko hainbat herritarrekin eta udan Txernobilgo haurrak hartzen dituzten bi elkarterekin batzartu da egunotan Udal Gobernua: "Haiek dituzten beharrak entzutea izan da egindako lehen urratsa. Askotariko egoera pertsonalak bizi dituzte Ukrainako gerrak eraginda haien herria utzi behar izan duten pertsona hauek. Eta beharrak ere askotarikoak dituzte. Horiek jasotzen ari da dira Ainhoa Lete jarduneko alkatea eta Nagore Iñurrategi zinegotzia".
Epe ertainera ere begira
Udal Gobernuak adierazi duenez, datozen egunotan elkarlanean jarraituko dute, lehen beharrei erantzuteko helburuarekin, baina baita epe ertainera pertsona hauek izango dituzten beharrei nola erantzun aztertzeko. "Bergararrek nola lagundu dezaketen ere aztertzen ari gara, eta epe laburrean egingo zaie herritarrei deialdiren bat".
Horrez gain, diote "tragedia humano honen aurrean" ezin dutela beste alde batera begiratu: "Guztia galduko duten herritarrak izango dira, zaurituko direnak, hilko direnak. Haur eta gazte belaunaldi bat betiko markatuko du gerrak. Eta Europako gainerako herritarrengan ere une honetan pentsaezinezko ondorioak ere ekar ditzake, gerra bat nola hasiko den aurreikusi daitekeelako, baina inoiz ez nola amaituko den".