Bergarako musika eta dantza eskolak bakearen aldeko emanaldia eskainiko du

Imanol Beloki Unamuno 2022ko mar. 14a, 18:21

Bergarako musika eskolakoak kantuan.

Musika eta Dantza Eskolen Elkarteko (UEMyD) kide guztiak kalera aterako dira martxoaren 15ean, 18:30ean, bakearen aldeko kontzertu bateratua eskaintzeko. Bergarakoen kasuan, Espoloian elkartuko dira ikasle eta irakasleak  Beethovenen Alaitasunaren ereserkia interpretatzeko. Ekitaldi honekin, eskolak bakearen aldeko aldarrikapen irmoa zabaltzea du xede, eta baita gerraren biktima eta errefuxiatuei elkartasuna adieraztea ere.

Honako manifestua atera dute Musika eta Dantza Eskolen Elkartekoek:

UEMYD MUSIKA ESKOLEN MANIFESTUA

Egun hauetan, atsekabetuta ikusten ari gara Ukrainan gertatzen ari dena; komunikabideek milaka hildako eta ia bi milioi errefuxiatu aipatzen dituzte, herrialdetik ihesi doazenak, haien bizitzak, oroitzapenak eta, horietako asko, familiako kideak atzean utziz. Giza eskubideak berariaz urratzen dituen botere-borroka baten erdian harrapaturik dauden biktima errugabeak dira. Izan ere, nahiz eta desadostasuna legitimoa izan, inposizio armatua, suntsipena eta erailketa erabat onartezinak dira. 

Horregatik, Musika Eskolen Elkarteak erabateko gaitzespena adierazi nahi dio gerra honi eta edozein indarkeria motari, edonon dela ere. Era berean, gure elkartasun osoa adierazi nahi diegu gerraren ondorio latzak jasaten ari diren pertsona guztiei, ilusio eta itxaropenak indarrez atzemanda ikusi dituzten haurrei eta familiei.  

Horren urrun eta horren hurbil. Horren urrun, bizi dugun garaian ulergaitza suertatzen delako gertatzen ari dena. Eta horren hurbil, inbasioaren laztura sufritzen ari diren ukrainar guztiekin identifikatuta sentitzen garelako, eta baita gatazka armatuaren eta gobernuaren ankerkerien aurka manifestatzeagatik zigortuak izan diren, herrialdetik ihes egin behar izan duten edota sekula hasi behar ez zukeen gerran hil diren hiritar errusiarrekin ere.

Gu ez gara politikan eta gai geoestrategikoetan adituak; gu musikariak gara, baina desadostasunak gorabehera, badakigu eta uste osoz aldarrikatu nahi dugu bakea eskubide ukaezina eta unibertsala dela, elkar ulertzeko modua eta etorkizunerako bide bakarra.

Musikak bonbak isilaraz ditzala eta gure instrumentuak izan daitezela arma bakarrak, notak jaurtiz mundua bakearen aldeko doinuekin samurtzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak