Ondo abiatu dute denboraldia, eta Espainiako txapelketara begira daude

Jokin Bereziartua Lizarazu 2022ko mar. 14a, 17:41

Itxaso Askasibar, Edurne Ormaetxea, Eneritz Urrutia eta Itxaso Plaza. Argazkia: Lokatza.

Lokatza Ziklismo Eskolako Edurne Ormaetxea aramaioarrak, Itxaso Askasibar elgetarrak eta Itxaso plaza arrasatearrak maila altua erakutsita ekin diote denboraldi berriari. Datorren astean Espainiako kopako lehen lasterketan hartuko dute parte.

Lokatza Ziklismo Eskolako emakumeen taldeak hasi du 2022ko denboraldiko lehiaketa egutegia eta domeka honetan, Beasainen, Espainiako kopako lehen lasterketan hartuko dute parte.

Orain arte lehiatu diren lasterketetan, maila altua dutela erakutsi dute Lokatzako txirrindulariek. Besteak beste, Itxaso Plaza Amozarrain arrasatearrak Zaldibarren, gazte mailakoa izanik, elite mailako txirrindulariekin lehiatu eta gazte mailakoen artean, 13. postua eskuratu zuen. Asteburuan, aldiz, Atarrabian, sailkapen orokorrean, 11. postua lortu zuen. 

Zita garrantzitsua domekan

Domeka honetan, hilak 20, Beasainen egingo den estatu mailako lasterketan, estatu osoko talderik onenak elkartuko dira. Bolintxo-Lana ordezkatuz, Itxaso Askasibar Belar elgetarra eta Edurne Ormaetxea Arriaran aramaioarra, kadete mailan biak ala biak, eta Itxaso Plaza Amozarrain gazte mailan izango dira. Elgetarrarentzat, debuta izango da bi urteko geldialdiaren ostean eta "ilusioz" dago lehen dortsala ipintzeko. Edurnek, bigarren urtea du kadete mailan eta iaz izandako esperientzia positiboa eta gero, "gogotsu" dago. 

Kadete mailako neskek, 09:00tan izango dute irteera eta Beasainetik Alegirako joan etorria egin beharko dute. Sprinta espero da, baina, kadete mailako txirrindularien lasterketak, sorpresak eman ohi dituzte. 10:30ean gazte mailako txirrindularien ordua izango da eta horiek 57 kilometroko ibilbidea burutu beharko dute. Lehendabizi Alegiarako joan etorria eta azken kilometroetan, bata bestearen atzetik kateatuz, Lierniko eta Olaberriko gain puntuagarriak, helmugatik sei kilometro eskasera.  

Beasainekoa ez da Espainiako Kopan lehiatuko diren lasterketa bakarra. Iaz egin zuten bezala, Euskal Herritik kanpo ere lehiatuko dira. Noja, Valladolid eta Valentzian, Beasain, Balmaseda eta Lizarraz gain. Lasterketa hauetan, txirrindulari onenen aurka lehiatzeko aukera daukate eta etorkizunerako esperientzia berriak bizi. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak