Otsailaren 6an Ibarran lehiatutako Gipuzkoako amateur mailako txapelketarekin ekin zioten aurtengo denboraldiari Ariznoa elkarteko gimnastek. Etxean, Labegaraietan, jokatu dute gaur Gipuzkoako txapelketaren bigarren fasea. Hitzordu erabakigarria zen gaurkoa, izan ere bi txapelketetako –otsailaren 6koa eta gaurkoa– emaitzak hartu behar dira kontuan Gipuzkoako txapelketarako sailkatzeko.
Hala, lan txukuna egin dute etxeko gimnastek. Jubenil B mailako taldeak laugarren postua eskuratu du gaurko saioan, eta bigarrena izan da sailkapen orokorrean. Kadete mailako gimnastei dagokienez, bakarkako saioan, hamalaugarren postuan sailkatu zen Aitana Ariztegi eta hamabosgarrenean Haizea Rodrigo.
Itziar Alberdik lehen postua eskuratu du gaurko txapelketan, eta bigarrena da sailkapen orokorrean –hirugarren postua lortu zuen lehen fasean–. Nagusietan, Arianna Burgos zazpigarren sailkatu da gaur, eta bigarren postuan dago sailkapen orokorrean, lehen fasean ere bigarren eginda. Alicia Etxanizek zazpigarren postua eskuratu zuen lehen fasean, gaurko saioan bigarrena izan da, eta hortaz bosgarren postuan da sailkapen orokorrean.