Pol Polen presidente berriarekin, aldeko haizea nabari

Hasier Larrea 2022ko mar. 14a, 09:03

Pol Pol mendi taldeak zuzendaritza batzordea berritu du asteon, eta Jesus Zabaleta izendatu dute presidente. Elkartearen bilakaeraz eta erronkez jardun du Zabaletak: "Aurreko zuzendaritzak lan bikaina egin du, eta orain, gazteak erakarri nahi ditugu".

Pandemia aurreko dinamikara heltzeko asmoa erakutsi du Jesus Zabaletak, Pol Pol mendi elkarteko presidente berriak: "Iaz, pare bat irteera egin genituen, baina ohikoa hamar inguru egitea izaten da. Aurtengo urtean kopuru horretara gerturatzeko aukerak ikusi ditugu, eta jadanik programatu ditugu zenbait ekintza". Horietako batek astebete iraungo du, Pentekosteetan Gironara joateko intentzioa baitaukate. "Bizpahiru eguneko" irteera laburragoak ere gehituak dituzte dagoeneko Pol Polen egutegian. Alde horretatik, "esperantzaz" azaldu da Zabaleta, "mendi-ibilaldi ederrak" egitera itzuliko direla iritzita.

Iraganeko arazoak gaindituta

Hori horrela, "pozik" dago orain arte zuzendaritzak egindako kudeaketarekin. Duela "10-15 urte" sortutako arazoak dauzka gogoan: "Lokal txiki bat geneukan, baina taberna ere bazen. Erakunde moduan kosta egiten zitzaigun gure izaera behar bezala definitzea. Orduko zuzendaritzak lan handia egin zuen diru kontuak, aseguruak edota elkartearen izapide legalak uztartzerakoan, eta gure lokal propioa izatea bakarrik falta zitzaigun. Azkenean, lortu genuen San Pedro kaleko 10. zenbakian lokal eder bat eskuratzea".

Gazte taldea indartu nahian

Bada, ordea, kezkatzen duen kontu bat: 30 eta 40 urte arteko Pol Poleko gazte taldeak mendiko lasterketetan eta irteeretan parte hartzen duen arren, adin horretako "jende gehiago erakartzea beharrezkoa" ikusten du elkarteak. Zabaletak uste du "eurei begirako irteera gehiago antolatzea" izan daitekeela konponbideetako bat.

"Elkarte irekia"

Duela mende laurden zeukaten sentsazioa atzean utzi dutela ere adierazi du Pol Poleko presidente berriak, orduan elkartea bera "nahiko itxia" zela uste baitzuten bazkideek. Denborarekin, "adin guztietako bergararrengana iristea" lortu dute, hein handi batean, "Udalarekin eta herriko hainbat eragilerekin eginiko elkarlanaren ondorioz". Horren seinale da, gaur-gaurkoz, 480 bazkide inguruk osatzen dutela mendizale taldea. Izan ere, "pandemiarekin mendiko federatu txartela eskuratzeko interesa" piztu egin da herrian.

Aldeko ufada hori baliatuko du Pol Polek aurrera begirako ekintzetan. Lehenengoa, martxoaren 26an, Lokatzarekin eta Udalarekin batera bigarren eskuko kirol materialen azoka egingo baitute egun horretan.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak