Eraso matxista bat salatu zuten atzo Bergaran. Ertzaintzak Goienari adierazi dionez, 18:00ak bueltan bi neska adingaberi eraso egin zien gizon batek. Ertzaintzak "exhibizionismo" gisa definitu du erasoa. Salaketa jarri dute biktimek Bergarako Ertzain Etxean, eta epaitegien esku da kasua.
Bergarako Udalak erasoa "arbuiatu" du, prentsa ohar bidez, eta elkartasuna adierazi die bi neskei. Udalak "bere esku jarri ditu dauzkan bitartekoak".
Elkarretaratzea gaur
Eraso sexistarik ez! Autodefentsa feminista! lelopean, Martxanterak eta Bergarako Neska Gazteak talde feministek elkarretaratzea deitu dute gaurko. 17:30ean egingo da mobilizazioa, San Martin plazan. Indarkeria matxistaren kasu hau salatzeko egingo den mobilizazioarekin bat egin du Udalak, eta kontzentrazioan parte hartzeko deia egin die herritarrei.