2021eko abenduaren 18an udal pilotalekuan herriko Gabonetako Kontzertuan abestu zutenetik, oholtza gainera igo gabe ziren Bergarako Orfeoiko kideak; bai, bederen, talde nagusikoak, gazteak Elkarrekin Musikaz emanaldia eskaini baitzuten urtarrila hasieran. Bada, bi abesbatzek domekan Musika latinoamerikarra barne barnetik kontzertua eskainiko dute Mariaren Lagundia Elizan.
"Kontinentea bere musikaren bidez zeharkatzen duen soinu-esperientziari aurre egitea" izango da, Aitor Biain Bidarte zuzendariaren hitzetan, martxoaren 13ko emanaldiko helburua. Genero tradizionaletik garaikideraino, "folkloreaz bustitzeko aukera" izango dute herritarrek. Abeslariez gain, Eli Mendiaraz eta Leire Ugarte zein Cristina Larrañaga eta Maria Borislavova ere ikuskizunaren parte izango dira, pianoa eta gitarrak joaz, hurrenez hurren.
Bi zati
Arratsaldeko 19:00etan hasiko den kontzertuak bi zati izango ditu. Lehenean, hamaika pieza eskainiko ditu Bergarako Orfeoiak; bigarrenean, aldiz, Coco filmeko abesti ezagunenak abestuko dituzte orfeoiko harrobiko gazteek. Sarrera doakoa izango da.