Lokatzako presidente Ion Unamunok argi utzi du zein izango den helburu orokorra aurten ere: "Eskola bat gara eta, beraz, gure txirrindulariek ziklismoaren balioak barneratzea da lehen helburua. Txirrindulari bakoitzak bere helburuak izango ditu baina klub moduan gure ziklistak babestea dagokigu. Eta babesa aipatu dudala, ezin gara aipatu gabe geratu jasotzen dugun babes pribatua; babesle asko ditugu baina bereziki Bolintxo eta Lana enpresek eskaintzen diguten laguntzarik gabe ezin genuke aurrera egin".
Gorlako igoera, martxoaren 27an
Lasterketak antolatzea ere bada Lokatzaren helburuetako bat eta Unamunok aurreratu du aurten Gorlako igoera egin egingo dela: "Martxoaren 27an izango da eta oso gogotsu gaude antolatzeko. Aurten, gainera, ez da Espainiako txapelketarik jokatuko asteburu horretan eta aurreikustekoa da mailarik altueneko ziklistak etorriko direla. 200 bat ziklista etorriko dira probaren 130 kilometroak egitera eta hemendik gonbidapena egiten diet herritarrei lasterketa eder hori ikustera etor daitezen. Urtero gertatzen den zerbait da: Gorlako irabazleak profesionaletara egiten du salto".
COVID-19ak eragindako buruhausteak igaro direla dirudi eta Unamunok espero du denboraldi berrian erabateko normaltasuna izatea: "Lehiatzeko gogoak ikusten zaie txirrindulariei... 2022a izan behar da aireratzeko urtea".