Lehenengo zatia Musika Bandak eskainiko du eta estilo askotariko piezak joko dituzte, besteak beste, Mijail Glinkaren Ruslan eta Liudmila obertura, Sting-en The Police in concert, eta Bailables de Carnaval herrikoia.
Orkestra Sinfonikoaren txanda etorriko da bigarren zatian, eta horrek beste bost abesti eskainiko ditu, hala nola, Georges Bizet konposatzailearen Carmen, Afrikako doinu herrikoiak eta Hans Zimmer musikariaren Now we are free. Aritzeta abesbatzak ere hartuko du parte, baita bakarlari batzuek ere, eta guztien artean eskainiko dute azken abestia Los Rodriguez taldearen Salud, dinero y amor.
Zuzendaria eskertuta
Beste urte batzuetako ikuskizunarekin alderatuta "xumeagoa" izango da baina maitasun handiarekin gertatutakoa. "Badirudi gauzak normalizatzen ari direla, baina gure kasuan, oraindik zailtasunekin gabiltza, barrualdean entseatzea zaila delako oraindik distantzien kontuengatik. Garrantzitsuena da ez garela gelditu eta poliki-poliki onera goazela; ea ez dugun atzera egiten...", adierazi du bandako zuzendari Enrike Txurrukak, eta eskertuta agertu da: "Eskerrak eman behar dizkiegu zailtasun guztien gainetik ekimen herrikoi hau aurrera egin dezan lagundu duten guztiei".
Goiena telebistan, asteburuan
Kontzertua bertatik bertara ikusterik ez dutenek emanaldia zuzenean ikusi ahalko dute, streaming bidez, Goiena.eus-en (22:30). Asteburuan Goiena telebistan ere emango dute osorik: zapatuan, 16:00etan eta 22:00etan; eta domekan, 12:00etan.