Zuzendaria istorio desberdinetan oinarritu da Drive my car-en istorioa azaltzeko. Emaztea galdu duen aktore japoniar bat, bi urte pasa ondoren, Hiroshimara joango da, Chéjoven Osaba Vania antzerki lana zuzentzera. Antolatzaileek zuzendaria bizi den lekutik entsegura joateko txofer bat kontratatuko dute. Eguneroko bidaia luze horretan bien arteko laguntasun harremanak garatzen joango dira. Sendotzen doazen harreman horiek sentsibilitate osoz kontaturik daude. Pertsonaien bidaia fisikoarekin batera, beraiek egiten duten bidaia emozionala antzematen joango gara.
Honekin batera, Osaba Vania lanaren muntaiaren prozesua pausoz pauso jarraituko dugu: aktoreen aukeraketatik obra estreinatzen den arte. Drive my car-en, Chéjoven testuko pertsonaiei eta filmeko pertsonaiei gertatzen zaiena elkartzen dira, artea eta bizitza bateratzeko, eta benetan ederra den filma sortzeko.