Otsailaren 6an Ibarran lehiatutako Gipuzkoako amateur mailako txapelketarekin ekin diote aurtengo denboraldiari Ariznoa elkarteko gimnastek. Guztira, bederatzi gimnastak hartu zuten parte, kadete eta senior mailen artean, banaka zein taldeka. Denboraldiko lehen txapelketa izanda, neurria hartzeko saioa izan ohi da domekan lehiatutakoa gimnastentzat, baina, hala ere, "gustura" daude egindako lanarekin.
Lehen faseko emaitzak
Aitortu dute oraindik "lan handia" dutela egiteko, eta dagoeneko hasiak dira datorren txapelketa prestatzen. Domekako saioaren kasuan, kadete mailako gimnastei dagokienez, bakarkako saioan, bederatzigarren postuan sailkatu zen Aitana Ariztegi eta hamabigarrenean Haizea Rodrigo. Biak aritu ziren uztaiarekin lanean. Gazte mailako gimnasten kasuan, taldeka bosgarren postua eskuratu zuten Ariznoako gimnastek, uztai eta mazoekin. Itziar Alberdik hiru- garren postua lortu zuen uztaiarekin egindako ariketan. Nagusietan, Arianna Burgos bigarren sailkatu zen eta Alicia Etxanizek zazpigarren postua eskuratu zuen.
Lanean jarraitzeko prest
"Lehenengo txapelketa inoiz ez da onena izaten. Are gutxiago, izan ditugun urte zail hauen ondoren; beraz, hobetzeko asko dugun arren eta lanean jarraituko dugun arren, pozik gaude, behintzat, lehiatzeko aukera izan dugulako", azaldu du taldeko entrenatzaile Ainize Lizarraldek. Ibarran jokatutako txapelketa Gipuzkoako txapelketarako sailkatzeko lehen fasea izan zen.
Bergaran jokatuko dute bigarrena, martxoaren 12an, eta bietatik eskuratutako sailkapenarekin lehen hamarrak arituko dira Gipuzkoako finaletan; eta ostean, Euskadiko txapelketan.
Asteburuan hainbat hitzordu
Bihar, otsailak 19, benjaminen topaketa hartuko du Labegaraietako kiroldegiak, 17:00etan hasita. Bertan hartuko dute parte Ariznoa elkarteko lau taldek; horietako bi, gimnasta antzuolarrek osatutakoak. Domekan ere hitzordua dute lehiaketa taldeko gazteenek. Askorentzat, gainera, lehen aldia izango da epaimahaiaren aurrean lehiatzen. Donostian egingo duten eskolarteko txapelketaren lehen fasean herriko bi talde arituko dira alebin B mailan. Infantiletan, Noa Lezeta gimnastak hartuko du parte banaka, B mailan hura ere.