Domekan, otsailak 13, 18:00etan, antzerkiaz gozatzeko aukera egongo da Kartzela Zaharrean. Izan ere, Gilkitxaro antzerki taldearen ETAren agiri bulegoa komedia izango da ikusgai, Ane Zabala eta Galder Perez aktoreek zuzendutako lana. Sarrerak bost eurotan eskuratu daitezke, Kar- tzela Zaharrean bertan.
Umoretik landutako obra
Umoretik landuta, eszenaratze kurioso batekin, eta soilik bi pertsonaiekin iritsiko dira Ane Zabala eta Galder Perez Kartzela Zaharrera. Petral Bilbaoren, ETAren agiri bulegoko langilearen, kontakizuna dakar obrak: "ETAren zigiluak banatzea da bere eginkizun bortitza. Makal Xiberu bulegora joan da, eginkizun sekretu batekin. Petralek, ordea, arnasa hartzeko denborarik eman gabe, ezustean harrapatuta, eta ETAren agiria lortzeko probak ezarriko dizkio Makali".
Ikuslearentzat "oso gertuko" pieza dela diote; izan ere, dena gertatzen da bulego bakar horretan. 2019ko abenduan aurkeztutako lana da ETAren agiri bulegoa, Durangoko Azokaren baitan. Ordutik, Euskal Herriko hainbat herritan izan da bikotea euren "komedia absurdoa" erakusten.