Espainiako Estatuko hainbat Herri eta Erkidegotako pentsiodunen erakundeek mobilizazio bateratua egingo dute zapatuan, eta horrekin bat egingo du Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak; Bilbon elkartuko dira horiek eta Bergaratik ere joango dira hainbat kide.
2022rako eta hurrengo urteetarako pentsioen erosteko ahalmena bermatzea eskatuko dute zapatuko agerraldian, KPI errealaren igoeraren arabera –urteko KPI metatua– eta 2021ean pentsioen erosteko ahalmenaren % 3ko galera konpentsatzea. Pobrezia-mugatik beherako pentsiorik ez dagoela bermatzea izango da beste aldarrikapenetako bat, soldatetan eta pentsioetan dagoen genero-arrakala ezabatuz. Pentsio publiko "duin bidezkoak eta nahikoak" eta pentsio sistemaren "izaera publikoa" bermatzea ere gura dute, 2011, 2013 eta 2021eko erreformen murrizketak indargabetuz eta sistemaren pribatizazioa baztertuz.