Eta, kasu honetan, William Lindsay Greshamek 1946an argitaratutako El callejón de las almas perdidas eleberriaren egokitzapena egin du. Eleberria jolas-parkeen munduan kokatzen da. Ustelkeria eta edertasuna, magia eta ilusioa, tranpa eta iruzurra, artistak eta engainatzaileak. Batera bizi dira guztiak. Baina fantasia modu onean edo modu desegokian erabili daiteke.
Askonahiaren indar suntsitzailea da. 1947an, Edmund Gouldingek bertsio bikaina egin zuen zinemarako. Zuri-beltzeko irudiek, argien eta itzalen erabilerak, kontatzeko modu zuzenak eta indartsuak, istorioari behar zuen kutsu sukartsua, gaixoa eta sentsuala ematen zioten. Guillermo del Torok edertasuna eman nahi dio filmari. Dena oso zaindua dago: jolas-parkearen deskribapena, garai hartako islapena, kamera mugimendua eta garabiaren erabilera… Zuzendariak bere denbora hartzen du istorioa azaltzeko, nahiz eta azkeneko partean zerbait aldatu zalapartatsuago bihurtzeko. Azken emaitza dotorea izan arren, ez du 1947. urteko filmaren indar aztoratzailea.