Karnabaletako ohiko hainbat hitzordu bueltan datoz Bergaran

Jone Olabarria 2022ko ots. 2a, 14:27

2020ko aratusteetako kontzertuko irudia.

Asteon eman du jakitera Bergarako Udalak otsailaren 22tik martxoaren 1era arteko egitaraua. Mozorro jaiaren bueltako ohiko hitzorduak berreskuratuko ditu herriak, tartean Bergarako Musika Banda eta Bergarako Orkestra Sinfonikoaren kontzertua. Gaur jarriko dituzte salgai Pirritx, Porrotx eta Marimototsen emanaldirako sarrerak, 18:00etatik aurrera Seminarixoko webgunean

Kaleak berriz ere mozorro eta kolorez betetzeko asmoarekin, betiere "osasun neurriak bermatuz eta egungo osasun egoera kontuan hartuta", urteroko hainbat klasiko itzuliko dira Bergarara aratusteetan. Udaletik ekitaldi kulturaletan jarri nahi izan dute fokua aurtengo egitaraua antolatzerakoan: "Pandemia aurretik egiten zen ospakizun osoa berreskuratzeko baldintzarik ez dago orain, baina aisiaren eta kulturaren garrantzia aintzat hartuta Bergarako Udalak erabaki du hainbat ekimen antolatzea".

Torradak egiteko ikastaroa eta Sorgin-dantza

Hala, sasoi honetan ohikoak diren torradak eta pellak egiteko ikastaroarekin abiatuko da egitaraua otsailaren 22an. Gure Ametsa elkartean egingo dute eta Gorka Lobatik gidatuko du. Hamabost lagunendako tokiarekin, doako ikastaroa izango da eta izena eman behar da aurrez www.bergara.eus helbidean, otsailaren 14a baino lehen.

Otsailaren 24an, 19:00etan, sorgin-dantza egingo dute Bergarako Musika eta Dantza Eskolako dantzari eta trikitilariekin, San Martin plazatik hasita.

'Eta aurten, zer?'

Karnabaletako egubakoitz gauean, Bergarako Musika Banda eta Bergarako Orkestra Sinfonikoaren kontzertu berezienetakoak hartuko du berriz ere pilotalekua, 22:30ean. Sarrerak 8 euroan salduko dira, www.seminarixoa.eus webgunean, otsailaren 9an hasita.

Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizuna

Otsailaren 26an, zapatua, 18:00etan Pirritx, Porrotx eta Marimototsen KUIKUI ikuskizuna izango daUdal pilotalekuan. Sarrerak 6 euroan jarriko dira salgai gaurko 18:00etatik aurrera, www.seminarixoa.eus webgunean. Domekan, otsailaren 27an, 18:30ean kalejira egingo dute Bergarako erraldoi, kiliki eta buruhandiek.

Martxoaren 1ean bi ekimenekin emango zaie amaiera aurtengo aratusteei: 16:30ean Musika Eskolako gazteen bandak egingo duen kalejirarekin, eta 18:00etan San Martin plazan egingo den Dantza saltsa disko festa jaialdiarekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak