Dendaren guneak 40 metro koadro ditu salmentarako eta lider diren markekin batera Eroskiren marka propioak ere baditu janaritan, edaritan eta drogeriako produktuetan. Ogia eta opilak ekoizteko labea ere badu, baita kafea hartzeko gunea ere.
Urteko egun guztietan izaten da zabalik Bergarako Avia gasolindegia; astelehenetik ostiralera 06:00etatik 22:00etara bitartean, eta zapatu, domeka eta jaiegunetan 08:00etatik 22:00etara bitartean.
Avia Clubeko bazkideek klubeko abantailak izango dituzte Bergarako zerbitzugunean erosterakoan; hau da, %2ko deskontua izango dute ibilgailua hornitzean, eta %5ekoa Rapid dendan –hurrengo erosketan edo horniketan deskontatuko dena–.
Zerbitzugunea 2016tik abian
Bergarako zerbitzugunea 2016an zabaldu zen, belarrez estalitako "gainazal berritzaile" batekin, bera dagoen "ingurune berdearekin bat etorriz". Orain, bezeroei "are eta zerbitzu hobeagoa emateko apustua indartu egin du" Rapid ereduko supermerkaturekin.
Eroskik eta Aviak sendotu egin dutela hitzarmena adierazi dute, eta Rapid izeneko frankizia supermerkatuak hedatzen jarraitzeko asmoa agertu. Bi enpresak lankidetzan hasi zirenetik, hogei Rapid denda ireki dituzte Aviaren zerbitzuguneetan.