Kukubaso elkarteak ia bi hektareako lur eremua jaso du lagapenean Agirretxeberri baserri inguruan, eta bertan egin dute lehen zuhaitz landaketa gaur goizean. Guztira 330 bat astigar eta haritz landatu dituzte gerturatu direnek.
Eremua nahiko erosoa denez eta herritik gertu dagoenez, familian egiteko ekintza moduan planteatu dute ekintza, eta "harrera bikaina" izan duela aitortu dute. Aurretik urduritasun puntu bat ere bazutela azaldu dute, izan ere lehen ekintza zen gaurkoa eta ez zekiten dena ondo lotuta egongo ote zen.
Kontzientziazioan lanean
Landaketez gain, kontzientziazioaren alde lan egin gura dute Kukubaso elkartetik, horretarako ekintza antolatuz eta informazioa herritarren eskura lagata: "Askotariko ekintzez gain, funtsezkoa da kontzientziazio lana. Aurten, gainera, Eskola Agenda 2030 barruan basoa aukeratu dute ikasleek gai moduan; gure asmoetako bat da inguru honetan mintegi txiki bat egokitzea".