Paco Plazak gai horretara hurbiltzen gaitu lan honekin, baina zinema fantastikoaren eta beldurrezkoaren generoan kokatuta. Susana Parisen bizi da, modelo munduan toki bat lortu nahian. Ematen du poliki-poliki bidea egiten hasi dela, baina Madrilen bizi den amona gaixotu egiten da, eta, familiako kide bakarra denez, bera izango da amonaren zaintzaz arduratuko dena. Amona bilobaren bizitza xurgatzen joango da.
Filmaren hasierarekin ikusleak sumatzen du istorioaren kutsu kezkagarria. Plazak etekin handia ateratzen dio bikotea bizi den etxeari: etxe zaharra da, iluna, pasillo luzeekin... Ondo laguntzen du neska gaztea murgiltzen ari den atmosfera kutsatu eta klaustrofobikoa islatzeko. Ikuslea kezkatu egiten da Susana sufritzen ari den egoerarengatik. Beldurrezko film baten aurrean gaudenez, zuzendariak eta gidoilariek, filmaren azkeneko partean, egoerak gehiegi kargatzen eta luzatzen dituzte. Misteriora baino gehiago, zaratara eta pirotekniara jotzen dute azkeneko emaitza konbentzionalago bihurtzeko.