Horrela kontatuta, ematen du filmaren helburua dela Judithen iruzurra kontatzea, eta hori zenbat denboraz mantentzeko gai den erakustea. Baina ez da horrela. Thriller edo intriga film bat izateaz harago, pertsonaia nagusiaren gatazka psikologikoa azaltzen arduratzen da, bereziki pelikularen bigarren zatian. Azken finean, ez da Judith gezurretan dabilen pertsonaia bakarra. Gehienek euren gezurrak sortu dituzte.
Filmaren lehen zatian, ikusleak ez du azalpen askorik jasotzen. Pertsonaien bizitza desberdinak ikusten dira, batetik bestera salto eginez. Halako filmek jokatzen dute ikuslearen arretarekin, gertatzen denari zentzu bat aurkitu nahian. Baina sortutako nahasteari ez dio irtenbide egokirik ematen. Istorioa nahasiegia da. Zuzendariak nahastuta bukatzen du, eta azken emaitza nahiko dezepzionagarria da. Ez du funtzionatzen intriga moduan, eta, film psikologikoari dagokionez, ez du asmatzen pertsonaiei eta sortzen diren egoerei behar duten sakontasunik ematen.