Artea eta kultura nagusi, beste behin ere, Aroztegiko eskaintzan

Jone Olabarria 2022ko urt. 20a, 15:58

"Kalitate handiko" askotariko erakusketak hartuko ditu Aroztegi aretoak 2022. urtean. Herriko taldeen erakusketez gain, iaz zendutako Miguel Okinaren lanak eta artista gonbidatuak izango dira. Domekara arte, Buztinzaleen erakusketa egongo da ikusgai

2022rako Aroztegi aretoan egingo diren erakusketen egutegia osatu ostean, asteon eman du aditzera bertan ikusgai egongo diren artista eta erakusketen zerrenda Bergarako Udalak. Aroztegiko aukeraketaz arduratzen den batzordeak aitortu duenez, beste urte batez, "kalitate handiko lanak" aurkeztu dituzte aurten.

Aukeraketa egiteko orduan, ibilbide artistikoa, curriculuma eta aurkeztutako obraren kalitatea hartu dira kontuan. Horretaz gain, programazioa osatzerakoan arte plastikoen arteko oreka lortu nahi izan dutela azaldu du Udalak, eta, artisten sexuari erreparatuta, aukera berdintasuna bermatu gura izan dutela.

Okinaren eta Galartaren lanak

Irailaren 9tik 25era bitartean, iaz zendu zen Miguel Okina artista bergararraren lanak egongo dira ikusgai Aroztegi aretoan, 2011. urtean hil zen Julio Galarta artista arrasatearraren obrarekin batera.

Klasikoak errepikatuz

Aroztegik hartuko dituen erakusketen artean nagusi dira bergarar artisten eta herriko arte taldeen erakusketak. Horren adibide dira, esaterako, Beart elkartea, Taila elkartea, Buztinzale elkartea, emakume zeramisten taldea eta Martxoaren 8aren bueltarako aurreikusitako Bergarako emakume artisten erakusketa. Dagoeneko ohikoak diren hainbat lehiaketatako lanak ere hartuko ditu Aroztegik; Bergara Hiria argazki lehiaketa eta kirol argazkien lehiaketa, esaterako.  Gonbidatu gisa, motorren erakusketa izango da 2022an, apirilaren 22tik maiatzaren 8ra.

Egutegia, osorik

Honako artisten lanak egongo dira ikusgai:

• Vicente Iriondo Urtarrilak 28 - otsailak 13.

• Ander Etxaniz Otsailak 18 - martxoak 6.

• M8: Bergarako emakume artisten erakusketa Martxoak 11- 27.

• Sofia Hebron Apirilak 1-17.

• Motorren erakusketa Apirilak 22 - maiatzak 8.

• Aranzadi ikastola Maiatzak 13- ekainak 6.

• Luis Candaudap eta Julio Melendez Ekainak 10-26.

• Bergara Hiria lehiaketa Uztailak 1-17.

• Soraia Uztailak 22 - abuztuak 7.

• Almudena Maeso Abuztuak 14 - irailak 4.

• Miguel Okina eta Julio Galarta Irailak 9 - 25.

• Ipintza institutua Irailak 30 - urriak 23.

• Laboratorium ZTB Urriak 28 - azaroak 13.

• Kirol argazki lehiaketa Azaroak 18 - abenduak 4.

• Euskararen historia soziala Abenduak 9 - 25.

• Taila elkartearen erakusketa Abenduak 30 - urtarrilak 8.

 

Aste honetan, buztinzaleak

Urteroko hitzordua izan ohi den Bergarako buztinzaleen erakusketa ikusteko aukera dago domekara arte; guztira, 17 artistaren lanak biltzen ditu. Azaldu dutenez, lan guztiek ildo bera jarraitzen duten arren askotarikoak dira, eta Santi Arrietaren lanak ere batzen ditu, gonbidatu. Bergarako Buztinzaleen Elkartea sasoi oneko dagoela azaldu dute bertako kideek; guztira, 30 bazkide dira une honetan, eta, profilaz galdetuta, geroz eta gazteagoa dela diote.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak