Bergara eta inguruko ume eta gazteen artean igeriketa kirola sustatzea" da, hain zuzen, Bergarako kirol elkarteko igeriketa sailaren helburua. Lan horretan dabiltza, Asier Perezek eta Olatz Olañetak gidatuta, aurten ere. 2021-2022 denboraldian Bergara, Antzuola eta Elgetako 70 igerilari ari dira Agorrosinen entrenatu eta txapelketak prestatzen.
Mailaka aztertuta, Perezek azaldu du txikienak, benjaminak, daudela "sendoen" une honetan, kopuru polita direla eta haurrak gustura ari direla. Alebin mailan, baina, hutsune handia dutela zehaztu du, nahiz eta dioen beste elkarte batzuetan ere gauza bera gertatzen zaiela. Hala ere, taldea "osasuntsu" ikusten duela dio: "Kristoren talde giroa sortu dutela iruditzen zait, oso gustura daude igerian, bai kirolarien aldetik eta baita guretik ere. Une honetan, talde giro hori bultzatzen jarraitu behar dugu; azken batean, nahiz eta topera eta marka bila entrenatzen aritu, lehenengo, talde giro ona egon behar da, ezinbestekoa da".
Metodologia berriarekin
Lanean "ondo" ari direla dio Perezek, eta, pazientziaz, lehenago edo geroago, emaitzak iritsiko direla argi du. Entrenatzaile berriekin, aitortu du entrenatzeko metodologia apur bat aldatu dutela eta oraindik ere moldatzeko fasean daudela hainbat igerilari.
Gipuzkoakorako lanean
Une honetan, Gipuzkoako txapelketa prestatzen dabiltza infantil, junior eta maila absolutuko igerilariak. Datorren asteburuan Tolosan lehiatuko dira, Gipuzkoako koparen barruan. Txapelketa garrantzitsua izango da; izan ere, emaitzak apurka iristen ari diren erakusle, Ane Alberdi igerilaria dagoeneko sailkatuta dago Euskadiko udako txapelketarako, eta neguko txapelketara joateko aukera ere izan dezake, Gipuzkoako taldeen kopan gutxieneko marka lortuta.
Pandemiaren eragina
COVID-19ak entrenamenduak baldintzatu arren, aitortu dute ezin direla kexatu, modu batera edo bestera entrenatzen jarraitu dutelako: "Federatuekin ez dugu arazorik izan, baina eskola kirolekoekin egun batetik bestera bertan behera lagatzen zituzten entrenamenduak, eta gero, dena berrantolatu behar genuen. Igerilekuko kaleekin ere nahiko larri ibili gara".