Abenduaren 15ean onartu zen Covid Ziurtagiriaren derrigortasunak "gizartean dagoen presioa eta ondorioz ematen ari diren eskubide zibilen urraketak" larritu dituela salatu zuten atzo arratsaldean Irala kalean egindako elkarretaratzean: "Besteak beste, covid ziurtagiriaren kontrako jarrera , txertaketarako presioa, gure arteko elkarbabesa eta beste hainbat kezka partekatzen ditugu".
Era berean, lan taldeetan aipatutako gaien inguruan hausnartu eta nola aurre egin erabakitzen ari direla adierazi zuten, eta hainbat oinarri zehaztu zituzten: "Herritar guztien eskubide zibilen defentsan, bazterketari ez!, Derrigorrezko txertaketarik ez!, Covid ziurtagiririk ez!".
Orain arteko babesa ere eskertu nahi izan zuten: "Neurri hauen aurka agertu diren, edo gutxienez alternatibak planteatzen ari diren talde eta eragile guztiei gure esker beroena eman nahi diegu; eta oraindik pausua eman ez duten guztiak, animatu nahi ditugu bide honekin bat egitera".