Bergarako EAJk onartezintzat jo du Zubietako eskola zaharrak okupatuta jarraitzea

Goiatz Arana Begiristain 2021ko abe. 30a, 10:55

Zubietako eskola zaharra.

Deba Bailarako Kontseilu Sozialistak pasa den urteko abenduaren 26an okupatu zuen Zubietako eskola zaharra eta, urtebete beranduago, hala jarraitzen duela ikusita, Bergarako EAJk "EH Bilduren Udal Gobernuaren gelditasuna" salatu du, prentsa ohar bidez. Jeltzaleak "kezkatuta" agertu dira "gai honen eta beste batzuen inguruko udal kudeaketa ezaren" inguruan.

"Ia urtebete da Kontseilu Sozialista taldeak Zubietako eskola udalaren baimenik gabe okupatu zuela bere jarduera garatzeko. Jeltzaleok bozeramaileen mahaian aztertu dugu gaia, baita osoko bilkuran ere, eta gobernuaren erantzuna beti izan da egoera baloratuko zela eta dagokion erabakia hartuko zela, baina urtebete geroago oraindik erabaki gabe dago, eta Zubitxako eskolak okupatuta jarraitzen du", adierazi du EAJko Irune Galarragak.

Jeltzaleek gaineratu dute Bergarako gainerako taldeek jarraitu beharreko prozedura bete gabe okupatu zuela kolektiboak izaera publikodun lokala eta ez dela hori modua: "Bergaran badira Zubitxako eskolako eraikinean interesa duten kolektiboak, baita lokal okerragoak dituzten beste talde batzuk ere".

Urtebete pasata, eta egoerak bere horretan jarraitzen duela argudiatuz, jeltzaleek "EH Bilduren gobernuaren kudeaketa eza" kritikatu dute: "Taldeak eraikina okupatzen jarraitzen du. Zer gertatuko litzateke egunen batean Zubitxan zerbait gertatzen bada? Erantzukizuna Udalarena izango da, alkatea izango da horren arduradun bakarra, berak onartu baitu erabilera".

Ildo horretatik, Bergarako EAJk alkateari eskatu dio "lanean eta erabakiak hartzen hasi" dadila, "erantzukizunez, gardentasuna bermatuz eta administrazioak ezartzen dituen prozedurak betearaztea bermatuz".

Deba Bailarako Kontseilu Sozialistak Zubietako eskolan Gabonetarako antolatutako egitaraua atxiki du EAJk prentsa oharrean, eraikina erabiltzen jarraitzen duten erakusgarri. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak