Txantxarik gabeko punk-rock kontzertua egingo dute gaztetxean asteartean

Hasier Larrea 2021ko abe. 27a, 15:12
Korda Rotako musikariak.

Korda Rota, Berandu Baino Lehen eta La Rekba taldeek euren burua ezagutzera emango dute Kartzela Zaharrean bihar, hilak 28, 22:00etan hasita. Zuzeneko horiei segida emango die DJ DBO_951 musika-jartzaileak. Inuzente eguna dela aprobetxatuta, antolatzaileek 'Ez da txantxa! Fest' izena jarri diote jaialdiari.

Debagoienean sortutako taldeak dira Korda Rota eta Berandu Baino Lehen; lehenengoek glam, punk eta rock estiloak jorratzen dituzte euren kantuetan, Guns & Roses, Hellacopters, Backyard Babies edota Gluecifer bezalako taldeak hartuz erreferentzia modura. Duela aste batzuk Antzuolan jo zuten lehen aldiz emanaldi labur batean "zuzenekoari beldurra kentzeko" helburuz, eta Bergaran emango dutena euren "fundamentuzko" lehen kontzertua izango da. The Convicts-en aritutako musikariak daude tartean.

Berandu Baino Lehen taldeak euskarazko abesti propioak eta bertsioak eskainiko ditu, distortsio handirik gabeko gitarra-hotsek lagunduta eta kantuei erritmo azkarra emanda. Euren aurkezpen kontzertua izanda, ziur jasoko duela publikoak sorpresa bat edo beste.

Antiguo eta Zubietatik datoz, ostera, La Rekba taldeko hiru kideak. Martxoan lau abestiz osatutako EParekin azaldu ziren panorama musikalean eta euren estiloa punk rock power trio  moduan definitzen dute. Besteak beste, Txorroskilo taldean ibilitako musikariak daude banda horretan.

Hiru kontzertu horien ostean musikak ez du etenik izango gaztetxean, DBO_951 bezala ezagutarazten den DJa arduratuko baita erritmoa ez jaisteaz. 5 euroren truke gozatu ahalko da Ez da txantxa! festibalaz. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak