Marije Ugalde: "Izugarria da umeek urte batean ikasten dutena"

Xarma berezia duen eraikinean, etengabe pedagogia berritzen eta taldeei garrantzi berezia emanda, musikarekiko pasioa herritarren artean zabalduz egiten dute lan

Ingeniaritza ikasten hasi bazen ere, berehala jakin zuen Marije Ugaldek musikarekin lan egitea zela benetan maite zuen hori. Argi du irakastea duela gustuko, musikaren eta ikasleen artean sortzen den harremana lantzea, nahiz eta duela 18 urtetik ku-deaketa lanetan ere aritzen den, zuzendari.

Hasiera-hasieratik Musika Eskolara lotuta egon zara...

Musika Eskola izan aurretik, jada akordeoia eta pianoa ikasi nituen nik hemen. 1983. urtean hasi zen ofizialki Musika Eskola lanean eta orduan ere eskola batzuk ematen nituen. Poliki-poliki, geroz eta gehiago izan ziren, eta 2003a ezkero zuzendaritzan nabil. Baina irakasteari laga barik; hori da gehien gustatzen zaidana eta sekula ez dut laga nahi izan arlo hori.

Hemengo lanaz gain, abesbatzetan ere profesionalki ari zara lanean.

Kantua erakusten dut hemen, horretan egin nuen goi-mailako gradua, eta hainbat abesbatzatan ere banabil, profesionalki, abeslari. Ez daude asko, baina urteak dira daudenetan parte hartzen dudana.

Zer da zure lanak duen onena?

Erakustea asko gustatzen zait, eta, batez ere, txikienekin oso berezia da: ezer jakin barik datoz, eta urtebetean ibilbide izugarria egin dute, asko ikasi dute. Oso aberasgarria da hori guretako, erakusten ari zaren horrek fruituak ematen dituela sentitzen duzu.

Eta, aldiz, okerrena?

Antolaketa lanak, aurreko lanak dira zailenak. Denoi gustatzen zaigu irakastea eta musikarekin kontaktu zuzena, baina bestelakoak ere egin behar dira.

Musikaren arlo batzuek, solfeoak, esaterako, ez dute oso ospe ona haurren artean...

Saiatzen gara metodologia berriak lantzen, eta pedagogiari garrantzi handia ematen diogu. Nola irakatsi dezaket hau beste modu batean? Teknologia berriak ere txertatzen ditugu gure metodoan.

Zein duzue hitzordu kuttunena?

Eskolarentzat Apirilean Musika oso berezia da, nahiz eta oso estresagarria ere baden. Eskolak bizitasunean irabazten du: gela batean denak entseatzen, kontzertuak, musika kalean... Eskolan bost konbo ere baditugu, rocka egiten dutenak, eta trikiti eta dantzariak ere bai. Herrian presentzia handia dute taldeek.

Lekua ere pribilegiatua du Bergarako Musika Eskolak...

Hasieran, behin-behinean utzi ziguten mojek eraikin hau, baina, egun, Musika Eskolaren egoitza nagusia da. Egia da badaudela eskola askoz modernoagoak, baina honek xarma berezia du.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.