Mizpirualde egoitzatik abiatu eta San Martin plazan egin dute lehen geldialdia egoiliarrek. Argazkia atera ostean, eta ez hozteko mantak jarrita, Irala kalera jaitsi eta San Joxepeko jubilatuen egoitzaraino eraman dituzte egoiliarrak. "Pozik" agertu dira esperientzia berriarekin, egoitzatik irten eta goiz pasa ezberdin bat egiteko aukera izanda: "Egoiliar guztiei gomendatzen diet gure moduan probatzera animatzera".
Oroitzapenak berpizteko
Real Sociedad fundazioko proiektuen arduraduna den Iñigo Diaz de Ceriok azaldu duenez, hasieratik argi izan dute proiektua oso onuragarria dela adinekoendako: "Egoitzan dauden pertsonentzako aukera ezberdin bat da, bertatik irten eta horrelako ekimenekin betiko errutinak aldatzeko. Askori txikitako oroitzapenak berpizten zaizkie, berriz ere kale edo leku jaki batetik pasata".
Bergarako Udaleko Ongizate zinegotzia den Zihortza Marzanek azaldu duenez, ekintza honek adin ezberdineko pertsonen topaleku izatea ere bilatzen du: "Gaurko kasuan, esaterako, Mariaren Lagundiako ikasle batzuk izan dira gurekin. Urtean osoan zehar ere proiektuak garatzen dituzte adinekoekin, eta dagoeneko elkar ezagutzen dutela aprobetxatuta, hemen egotea nahi izan dugu".