Bergarako Bertsolari Txapelketaren ordezko, Lagun zaharrak eta doinu berriak leloarekin egin zuten urteroko saioa kartzela zaharrean iaz, COVID-19ak baldintzatutako edizioan. Aurten, betiko hitzordua berreskuratu eta dagoeneko klasikoa den kartzela zaharreko bertso saioa itzuliko da gaur gauean, 22:30ean hasita. Ikusle ugari erakartzen ditu urtero txapelketak, eta aurten ere hala izatea espero dute. Umoreak garrantzi berezia hartu ohi duen jaialdian, Ibon Leibar Txinbo arituko da gai-jartzaile lanetan, azken urteetan egin bezala.
Hiru ariketa
Kopla Barik bertso eskolak antolatuta, saio bakarra egingo dute aurten: "Formatu asko izan ditu txapelketak; askotan, hainbat saiotan banatuta edo taldeka. Aurten baina, COVID-19a dela eta, ez da hain erraza saioa antolatzen, hortaz denak egun batean".
Ohiko parte hartzearekin, Zortzi bertsolari arituko dira gaurko saioan: Iraitz Artola, Patxi Aiastui, Enaitz Alustiza, Mikel Mendiaratz, Axier ArriaranTxie, Iñigo Arzelus, Jon Altuna Oxan eta Eñaut Uriarte. Hasieran hiru ariketa egin beharko dituzte bertsolari guztiek: Ofiziotan, zortziko handian hiruna bertso, zortziko txikian hiruna bertso eta puntu erantzunak. Bi bertsolari onenak pasako dira buruz burukora.