Paul Aznal: "Gure interes bakarra bailara osoko bizilagunen osasuna bermatzea da"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2021ko abe. 18a, 09:15

Paul Aznal, asteon, San Juan auzoko baselizan.

Sekula aurreikusiko ez zuen bozeramaile lanetan ari da 2017ko martxoa ezkero San Juanen bizi den Paul Aznal (Deba, 1990). Embalan enpresan lan egiteaz gain, abeltzaina ere bada, eta "kezka handiz" bizi du Larramendiko plantaren proiektua.

Hasteko eta behin, auzotarrek nola bizi duzue egoera?

Oso kezkatuta gaude. Gainera, Tapia legea onartu dute Legebiltzarrean... Hori bai, borrokan jarraitzeko indarrekin gaude.

Zein da auzotarrek helarazi nahi duzuen mezu nagusia?

Hau ez dela San Juan, Basalgo, Ubera eta San Blas auzoko bizilagunen borroka bakarrik. Deba bailarako borroka izan behar duela azpimarratu nahi dugu, eta proiektua denon artean geratuko dugula.

"Deba bailarako borroka izan behar duela azpimarratu nahi dugu, eta proiektua denon artean geratuko dugula".

Gertakarien bilakaera nola baloratzen duzue?

Larramendin halakorik ezin zela egin esan ziguten hasieran. Demostratu dugu ez dela egia; borroka handia dago egiteko.

Gustura zaudete Udaletik jasotako tratuaz?

Hasierako erantzuna ez zitzaigun gustatu, gure sentsazioa izan zen sekulako informazio falta zegoela. Harremanak hobetzen joan dira; joan den astean, esaterako, bilera izan genuen alkatearekin, eta eskertzekoa izan zen. Gu beti egon gara elkarlanerako prest.

Jaurlaritzatik jasotako erantzunaz zer duzue esateko?

Eusko Jaurlaritzaren partetik ez dugu ezer onik jaso. Dena inposatu nahi digute, benetako azterketa bat egin gabe. Gainera, Tapia legea onartu dute euren interesak inposatzeko.

Herritarren babesik jaso duzue?

Herritarren erantzuna bikaina izan da orain arte. Eskerrak ematea besterik ez zaigu geratzen... Ia 5.000 alegazio jaso genituen, eta sinadurak ere bai, mahai-inguruan Seminarixoa bete egin genuen eta elkarretaratzea deitu genuenean San Martin plaza bete egin genuen, eguraldi oso txarra egin arren. Informazioa eskatzen ere jende asko etorri zaigu. Benetan eskertzeko jarrera izan da.

Interes politikoetatik kanpo mugituko zaretela diozue...

Gu ez gaude interes politikoei eta ekonomikoei begira. Gure asmo eta interes bakarra bailarako osasuna bermatzea da. Borroka honetarako jendearen laguntza beharko dugu, baina ez dugu uste interes politiko eta ekonomikoetarako lekurik dagoenik. Guretzat garrantzitsuena bizilagunon osasuna da; horregatik, GuraSOS taldeko abokatuarekin ari gara lanean, bide honetan guk baino askoz gehiago dakitelako eta euren aldarrikapenekin bat egiten dugulako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak