Olentzero eta Mari Domingi abenduaren 24ko iluntzean azalduko dira kalean, baina ez goizean

Hasier Larrea 2021ko abe. 13a, 18:37

2019ko Gabonetan, goizean zehar.

Gabonetako ekitaldirik jendetsuena, abenduaren 24 goizeko kalejira, ez egitea erabaki dute antolaketan parte hartzen duten eragile guztiek aho batez, "COVID-19 kutsatzeak handituz doazelako, umeengan eragina izanez". Ondorioz, 18:00etan hartuko dituzte Olentzerok eta Mari Domingik Bergarako kaleak, eta 19:00etan Osintxu eta Angiozarrekoak.

Abenduaren 7an hasi eta urtarrilaren 5era arte haurrei zuzendutako ekimenak prestatu dituzte Bergarako Udalak eta herriko hainbat eragilek, bigarren urtez jarrian, COVID-19aren eraginpean. Horregatik ez dute goizeko kalejira ospatuko, nahiz eta jakin "Bergaran goiz hau oso berezia" izaten dela, "ume eta gurasoen artean ohitura handia dagoelako goizean baserritar jantzi eta gabon kantuan irteteko".

Elkarlanean egiten den ekitaldia

Badira urte batzuk Bergarako ikastetxeak, guraso elkarteak eta Udalak abenduaren 24 goizeko Olentzero eta Mari Domingiren kalejira elkarlanean prestatzen dutena. Izan ere, urtero antolaketarako lan talde bat osatzen da, Aranzadi ikastolako, Mariaren Lagundia ikastolako eta San Martin Agirre ikastetxeko irakasle eta gurasoen ordezkariekin, Udal ordezkariak ere tartean daudela: "Aurtengo abenduaren 24a antolatzeari ere horrela ekin zitzaion, bilera bat antolatuz azaroa hasieran. Taldea ilusioz hasi zen lanean, baina, esan bezala, eta une honetako osasun egoera aintzat hartuta, Olentzero eta Mari Domingi iluntzean etorriko dira aurten ere Bergarara", adierazi dute Bergarako Udaletik.

Gehitu dute Gabonetako egitarau guztia COVID-19aren garapenaren eta unean indarrean egongo diren osasun neurrien menpe egongo dela. Ekitaldiak bertan behera uzten badira, www.bergara.eus webgunean jakinaraziko dute.

Azpian, Gabonak Bergaran egitaraua PDFan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak