Bergarako udaletik jakinarazi dutenez, goizaldeko 03:00etan hasi dira arazoak, eta ordutik Udaltzaingoa lanean ari da kalteak sortu diren puntuetan. Atzo Bergarako Udaleko Larrialdi Mahaia elkartu zen eta prezipitazio iraunkorren aurreikuspenak aintzat hartuz, udaltzainek "etengabeko jarraipena" egitea adostu zuten.
Bergarako udaltzainek aitortu dute ibaia "espero baino gehiago" hazi dela, eta herrian "kritikoak" izaten diren puntuetan jarraipena egin duten arren, normalean arazo handirik gabeko guneetan ere lan handia izan dutela.
Hainbat kale moztu behar izan dituzte uholdeen zein luizien eraginez. Ibaiondon eta Osintxun autoak mugiarazi behar izan ditu udaltzaingoak goizaldean, baita garajeetatik atera ere. Horri lotuta, Bergarako Udaletik eskatu dute Ibaiondo inguruan autorik ez aparkatzea. Eta jakinarazi dute, San Martin eskolako aparkalekua zabalduko dutela gaur 17:30ean, bihar goizera arte.
Zubieta kalean bizilagunak etxetik ezin irten gelditu dira ur-mailaren eraginez. Brigadako langileak garbitzeko lanetan aritu ostean, dagoeneko zabalik dago Zubieta kalea. Osintxun ere bidea itxita egon da eta pare bat zuhaitz erori direla azaldu dute Udaltzaingotik, baina dagoeneko arazoa konponduta dagoela.
Arazoak bideetan
Gainera, Udaletik adierazi dutenez, Soraluzerako bidea ere itxita dagoela. Angiozarreko bidean, Elosura bidean eta Elorregiko hilerritik gora ere arazoak daude, lur jausiek eraginda. Horrez gain, lur-jausi ugari egon dira, besteak beste, Epelen, Gorlan edota Elorregin, eliza alboan. Elorregin bidegorria ere itxita dago. Labegaraietako bidegorriko zubia ere moztu egin dute. Zenbait baserri bideetan ere sortu dira arazoak uragatik eta luiziengatik. Udaltzainek azaldu dutenez, Bergaran, guztira, 360 baserri daude eta horietara sarbidea bermatzeko ere lanean dabiltza.
Luizia Gorlan
Bergarako Udalatik zehaztu dutenez, "ibaiak beherako joera hartu du dagoeneko", hala ere, egoeraren jarraipen "zorrotza" egingo dute datozen orduetan ere. Era berean, "ezinbestekoak ez diren bidaiak ekiditea" gomendatzen diete herritarrei, eta, autoa hartzea beharrezkoa bada, "Eibarrera eta Arrasatera autopistaz" joatea.