Bergararrak "oso dotoreak" zirela jabetuta, duela 43 urte jarri zuten martxan Orraski ile-apaindegia Esther, Eli eta Arantxi Uranga ahizpa mutrikuarrek. Bergarara ezkondu zen Esther, eta, "herriko elegantzia" ikusita, ile-apaindegiaren aldeko apustua egitea erabaki zuten.
San Pedro kalea, "bihotzean"
San Pedro kalean ireki zuten lehen lokala, eta bertako bizilagunak "bezero fidelak" zirela gogoratzen dute: "Garai hartan, komertzio asko zeuden, bizitza handiko kalea zen eta hasieratik bezero mordo bat eduki genituen, adin askotarikoak. Komertzioen jabeon artean ere harreman ezin hobea genuen, elkar babesten genuen". Iparragirre kalera aldatzea erabaki zuten 2007. urtean.
Auzo berriagoa zen, eta bertan ere oso ondo hartu zituztela gogoratzen dute: "Lekualdaketa horrekin pena apur bat sentitu genuen; garai bat ixten genuen, azken batean. Asko fidelak izan dira eta gurekin jarraitu dute".
"Apur bat bergararrago"
Mutrikuarrak izanda ere, hainbeste urtean egunero Bergarara etorrita "apur bat Bergarakoak" ere sentitzen dira jada: "Eskertza handia zor diegu bergarar guztiei. Kanpotarrak izanda, harrera oso ona eduki dugu hasieratik, eta denboran zehar mantendu da hori".
Erreleboa, gazteei
2022arekin batera esango diote agur Orraskiri ahizpek. Hala ere, pozik daude, negozioa zabalik eta esku onetan utzita: "Urteetan gurekin lan egin duten Estherrek, Inmak eta Maitek jarraituko dute negozioarekin".