Ahaztuko ez duten asteburua pasatu dute Burdinola irristaketa klubetik euskal selekzioarekin Bilbon lehiatu diren jokalari bergararrek –argazkian–. Erkidegoen arteko Espainiako txapelketan hartu zuten parte, infantil mailan. Nesken talderako honako jokalari hauek hautatu zituzten Burdinolatik: Katixa Gallastegi, Uxue Montalvo, Maria Aranburu, Nahia Garro, Aiora Maure eta Sua Zangitu. Mutilen selekzioarekin, berriz, honako jokalari hauek egon dira: Aitor Markiegi, Aratz Etxeberria, Eki Muxika, Manex Salaberri eta Jon Letona. Lorpenei dagokienez, esku hutsik itzuli zen nesken selekzioa; mutilen selekzioak, aldiz, brontzezko domina lortu zuen. Lorpenak lorpen, baina, zubi oso berezia igaro dute Burdinola irristaketa klubetik selekziorako hautatuak izan diren hamaika neska-mutikoek.
"Oso gustura" egon dira euskal selekzioarekin: "Ea hurrengo urtean joan gaitezkeen...".
Finalaren atarian
Hamabi jokalari eta bi atezain hautatu dituzte aurten euskal selekziorako, horietatik bost Bergarako Burdinola klubekoak. Txapelketa nola bizi izan zuten jakin nahian, Eki Muxika (Bergara, 2008) jokalariarekin egon da GOIENA. Abenduaren 3an joan ziren Bilbora eta egubakoitzean bertan entrenamendu saio bat izan zuten. Partiduek 20 minutuko zati bana izaten dute maila eta txapelketa horretan, eta partidu guztietan "dena" ematera irten zirela aitortu du Muxikak.
Zapatuan jokatu zuten txapelketako lehen partidua, Andaluziaren aurka. Domekan beste bi partidu izan zituzten, Valentziaren eta Kataluniaren kontra, eta hiru norgehiagoketan lortutako emaitzei esker lortu zuten asteleheneko finalerdietarako sailkatzea. Gaztela eta Leongo selekzioa izan zuten aurrez aurre finalaurrekoan, eta, lehia parekatuta joan arren 40 minutuetan zehar, azken txanpan jasotako golaren erruz finaletik kanpo geratu ziren (2-3). "Partidu osoan joan ginen irabazten, baina bukaeran buelta eman zioten markagailuari; azken gola partidua amaitzeko hamabost segundo falta zirela jaso genuen. Pena izan zen finalerako ez sailkatzea", dio Eki Muxikak. Martitzenean jokatu zuten hirugarren eta laugarren postuak zehazteko partidua, Valentziaren aurka, eta 2-1 irabazi ostean brontzezko domina banarekin itzuli ziren Bergarara.
Egonaldiaz gozatzen
Finala jokatzeko aukerarik ez izanda ere, zubi borobila pasatu dute: "Oso-oso pozik itzuli gara. Pena izan zen azken unean jasotako gol bategatik finalean ez egotea, baina oso pozik gaude egin dugun txapelketarekin". Kantxan egindakoaz harro eta bizitako esperientziarekin oso eskertuta, egunero ez da-eta aukera izaten euskal selekzioarekin bost eguneko egonaldiaz gozatzeko: "Lau gau egin ditugu Bilboko ostatu baten eta bost egunez egon gara bilduta txapelketaren bueltan. Adibidez, eskuko telefonoak denbora oso mugatu batez bakarrik erabili ahal izan ditugu, senitartekoekin harremanetan jartzeko bakarrik. Oso gustura egon gara; ea hurrengo urtean ere joan gaitezkeen... ".
Hurrengo geltokia, Bartzelona
Espainiako erkidegoetako selekzioen arteko txapelketa bukatu da, baina lanean jarraitu beharra dago, Espainiako ligako hurrengo zita gertu dago eta. Eguaztenean bertan, Bilbotik heldu eta biharamunean, entrenamendua izan zuten Labegaraietako kiroldegian: "Joan den asteburuan Madrilen egon ginen eta urtarrileko hirugarren asteburuan Bartzelonan jokatuko dugu Espainiako urrezko infantil mailako txapelketa barruko hurrengo jardunaldia". Muxikak, amaitzeko, gonbita egin die Bergarako neska-mutikoei hockeyra hurbiltzeko: "Oso polita eta dibertigarria da".