Rezustak eta Irribarriak irabazi dute Bergaran

Itziar Larrañaga Sarasola 2021ko abe. 8a, 20:02

Ezkurdiak eta Tolosak osatutako bikoteak Irribarriaren eta Rezustaren aurka jokatu du gaur Bergaran, Eskuz Binakako hirugarren jardunaldian. Ez da partida ona izan gaurkoa, galdutako pilotak asko izan dira, baina bergararra etxean irabazten ikusteko aukera izan dute zaleek: 22-11.

Igandean galdu egin zuten Azkoitian Rezustak eta Irribarriak, baina gaur faboritoak ziren eta garaipena eskuratu dute Bergarako pilota jaialdian.

Parekatuta hasi dute partidua, eta berdinduta joan dira zortzigarren tantora arte. Orduan hasi dira Rezusta eta Irribarria pixkanaka aurrea hartzen. Lau tantoko aldea lortu dute urdinek, markagailuan 12-8 erakutsiz. Diferentzia murriztea lortu dute gorriek, eta 12-10era heldu dira, baina hortik aurrera Irribarria eta Rezustaren alde jarri da partidua eta urdinek zortzi tanto lortu dituzte jarraian. Azkenean, hamaika tantoko aldearekin, Rezusta eta Irribarriarentzat izan da garaipena.

Pilotariek ez dute partidu ona jokatu; galdutako pilotak asko izan dira hasieratik, bereziki Irribarriarenak eta Tolosarenak. Zazpi izan dira Irribarriak galdutako pilotak, baina zortzi tanto ere lortu ditu. Tolosak zortzi galdu ditu eta bi egin. 

Aurreko astean galdu ostean, lasaitasuna eman dien puntua lortu dute Irribarriak eta Rezustak hirugarren jardunaldi honetan. Bi punturekin bost bikote daude une honetan sailkapenean. Beñat Rezusta pozik agertu da gaurko emaitzarekin, eta sailkapenean aurrean egotea ondo badago ere, horri begira jartzeko "goizegi" dela esan du; "orain garrantzitsuena gure sentsazioak eta ondo sentitzea da". Ez dute atsedenaldirako denbora gehiegi izango, eta bi egun barru jokatuko dute hurrengo partidua. 

Gaurko partidu nagusiaren aurretik, Darioren, Ladis Galarzaren, P. Etxeberriaren eta Bikuñaren arteko atarikoarekin eman diote hasiera jaialdiari 17:00etan. 22-20 amaitu dute jokoa eta Dario eta Galarzarentzat izan da garaipena. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak