Dena dago gertu gaurko pilota jaialdirako. Joan den eguenean egin zuten material aukeraketa, eta jaialdia Darioren, Ladis Galarzaren, P. Etxeberriaren eta Bikuñaren arteko atariko partiduarekin hasiko dute, eta ondoren etorriko da partidu nagusia. Eskuz Binakako txapelketako hirugarren jardunaldia egongo da jokoan. "Joan den domekan Azkoitian ezin izan genuen irabazi, baina partiduaren lehen zatian erakutsitako jokoarekin geratzen naiz. Aurre egin genien kontrarioei eta gure jokoa egin genuen nahiz eta partiduak ihes egin zigun. Zuzentzen joan behar garen akats txikiak dira", adierazi du etxeko zaleen aurrean jokatuko duen Beñat Rezustak. Eta, Bergarakoak kontrarioen gainean ere egin du berba: Ezkurdiak eta Tolosak bikote sendoa osatzen dute. galdu dutenean ere itxura ona eman dute, eta txapelketa honetan asko dute esateko. Kontuz ibili beharko dugu Ezkurdiarekin, eta pilotari ondo eman, jokoa atzera bideratzeko".
Gaurko jaialdirako aukeratu zuten materialaren ezaugarriak:
Ezkurdia–Tolosa: 105.6; 106.2;104.8 gr. Irribarria–Rezusta: 104.8; 104.9; 105.1 gr.
Jaialdia amaitzeko, hirugarren partiduan Egiguren V.ak eta Untoriak osatuko dute bikotea, eta Salaberria eta Erostarbe izango dituzte aurrean.