Belaunaldi berriek haien tokia okupatu eta Mikelote eta Pantxo bikote artistikoak desegitea erabaki du. Haien formula komikoa gastatua zegoen. Pantxok ondo hartu du behartutako erretiroa. Eszenatokietatik urruntzeko gogoa zuen aspalditik, bizimodu lasai eta normalizatua desiratzen zuen. Mikelotek ordea ez du bukaera onartu nahi. Antzerkiaren pozoia sakon errotuta dago bere zainetan. Eta pozoi horrek burua galtzeraino eramango du.
Euskal antzerkiaren ispilu
Hala hasten da gaur iluntzean, Euskararen egunarekin batera, Seminarixora iritsiko den Ez Dok Ero antzezlana. Patxo Telleria eta Mikel Martinez pro- tagonista dituen antzezlanak "euskal kultura, euskal antzerkia eta euskal gizartearen irudi deformatua, barregarria eta aluzinatua" eskaini gura du.
"Literatura unibertsaleko figurak oinarri" izan dituzte pertsonaiak sortzerakoan: "Mikelek On Kixoteren irudia ekarriko digu gogora, idealismo erabatekoa, ongia egiteko gogo eutsiezina, gloria erdiesteko grina eta errealitatearen interpretazio eszentrikoaz. Patxok Santxo Panza baten itxura hartuko du, bere pragmatikotasun erabatekoa, anbiziorik eza ikaragarria eta baldarkeriarekin".
"Ibilaldi fantastikoa"
Mikelote "antzerkilari andante estrafalarioa", Pantxoren bila joango da, trasteak prestatu eta Euskal Herrian barna joa- teko, herriz herri antzeztera, Euskal antzerkiak behar dituelaren ustearekin. Horrela "ibilbide fantastiko bat" egingo dute Euskal Herrian zehar, "hamaika abentura ero biziz". Mikeloteren imaginazioak sorturiko pertsonaia harrigarriak ezagutu eta egoera korapilatsuetan endredatuko dira.