Lehenengo zatia oso lehiatua eta orekatua izan da eta, nahiz eta jokoaren ekimena Bergarak hartu duen hasierako minutuetatik. Ez da joko askorik egon, ezta aukera garbirik ere, baina, atsedenaldia iristear zela, bergararrak aurreratu dira, korner baten osteko jokaldi nahasi batean.
Bigarren zatian, zelaiaren egoerak okerrera egin du, atsedenaldian botatako euri zaparraden ondorioz. Hala ere, etxeko taldea askoz ere indartsuago zelairatu da eta, apurka-apurka, geroz eta gehiago nagusitzen hasi. Azkenerako, beste hiru gol sartu dituzte bergararrek, horietako bat, olinpikoa. Jon Laskurain izan da gol horren egilea. "Erdiraketa itxia egiten saiatu naiz, eta barrura sartu da, beraz, pozik nago", azaldu du.
Laskurainek aitortu du ez direla izan baldintza egokienak futbolean jokatzeko. "Zelaia ez zegoen ondo. Futbol erraza egin behar zen eta uste dut lortu dugula hori egitea". Modu horretan, hiru puntu garrantzitsu lortu dituzte bergararrek, sailkapeneko atzeko postuetatik aldenduz. "Orain dela bost aste zuloan geunden eta, azken lau partiduetan maila ona emanda, lortu dugu haize apur bat hartzea", gaineratu du Laskurainek.
Mondrak berdindu eta Aloñak, galdu
Kategoria berean, Mondrak 1-1 berdindu du Zumarragan, Urolaren aurka. Aloña Mendik, berriz, partidu zaila zuen Errenterian, Touring taldearen aurka, eta porrotarekin itzuli dira Oñatira (1-0). Bestalde, UDAk bihar jokatuko du Eibarren aurka, 16:30ean, Ibarran.
Emakumezkoen derbia, atzeratuta
Bestalde, Emakumezkoen Ohorezko Erregional Mailan, atzeratu egin behar izan dute Bergara eta Leintz Arizmendi jokatzekoak ziren derbia, COVID-19 kasu positibo baten ondorioz.