Arte martzial japoniarra da kudoa. "Karate, Judo, Muay Thai eta Jiu-jitsu arte martzialen arteko nahasketa bat da eta askotariko konbinazioak ditu. Daukan ona da kasko berezi bat erabiltzen dugula, ikasleak babesteko. Modu horretan, gogor entrenatu arren, markarik gabe joan zaitezke etxera", dio Iñarrak.
Bi topaketa egiten dituzte urtero, Summer Camp eta Winter Camp. "Aurten, negukoa Euskal Herrian egitea erabaki dugu, lehen aldiz, eta Bergaran elkartu gara Espainiako zazpi delegazioetako ordezkariak. Egia esan, oso pozik gaude eta asteburu ona igarotzen ari gara", azaldu du David Abellanek, Espainiako Kudo Federazioko Branch Chief-ak (presidentea).
Topakeari dagokionez, atzo arratsaldean hasi zituzten entrenamenduak, proiekzioekin. Gaur, proiekzioez gain, golpeak ere lantzen ari dira eta zoruko posizioak ere landuko dituzte arratsaldean. Bihar, azkenik, arlo fisikoa landuko dute.
Bi bergarar, munduko txapelketara
2022ko maiatzaren 25etik 28ra, Munduko Kudo Txapelketa jokatuko dute Japonian eta topaketan parte hartu dute txapelketarako sailkatuta daudenak, tartean bi bergarar: Aner Gauna eta Andoni Mujika.
Gaunak nabarmendu du "oso giro ona" sortu dela topaketan, eta asko ikasten ari dela. "David Abellan hemen egotea oso interesgarria da guretzat". Txapelketari begira, bere lehen aldia izango da, baina disfrutatzera eta ikastera joango dela dio. "Hori bai, ahalik eta ondoen egiten saiatuko naiz, dudan onena ematen".
Mujikak ere gauza bera nabarmendu du, harentzat ere lehen kudo txapelketa izango delako. "Egia esan, ez dakit ze maila egongo den. Hala ere, ahal dudan heinean, gerra ematen saiatuko naiz, maila txukuna ematen eta esperientzia on bat bizitzen, hurrengo batean itzuli ahal izateko".
Gaineratu du topaketa "oso aukera polita" dela jende desberdinarekin entrenatzeko. "Beti jende berdinarekin entrenatzen gara. Beraz, txapelketara begira, interesgarria da ahalik eta egoera ezberdin gehienetan aritzea".