Maddi Barrocalek etxeko zaleen aurrean irabazi du Bergara Hiria, Nerea Gamindek lagunduta

Xabier Urtzelai 2021ko aza. 24a, 10:19

Debagoieneko pilotarien arteko finala izan zen atzo Bergara Hiria torneoan, promesen mailan Leire Galeano antzuolarrak eta Maddi Barrocal bergararrak neurtu zituztelako indarrak. Ez zuten bakarrik jardun, Mirian Arraizarekin jokatu zuelako lehenengoak, eta Enara Gaminderekin bigarrenak. Bada, 22-7, Barrocalendako eta Gaminderendako izan zen txapela. Nagusien mailan Olatz Arrizabalagak eta Nora Mendizabalek irabazi zuten (22-20). Argazkiak: Mireia Bikuña eta Iñigo Zaitegi. 

Promesen mailakoa baino final parekatuagoa izan zen nagusien mailakoa. Izan ere, Maddi Barrocalek eta Enara Gamindek nahiko erraz irabazi zuten Leire Galeanoren eta Mirian Arraizaren kontra (22-7). Galeanok berak partidu amaieran aitortu zuen nahi baino urduriago hasi zutela partidua: "Konturatu garenerako abantaila hartu dute eurek, Maddik min egin digu sakearekin". Hala, apur bat lasaitu zirenean markagailuan gerturatzea lortu zuten (21-7) baina irudipena baino ez ez izan, tanto bolada on batekin Barrocalek eta Gamindek abantaila nabarmena hartu zutelako ostera ere. "Oso pozgarria da etxeko zaleen aurrean irabaztea, berezia da", adierazi zuen pozarren bergararrak. "Gu ezin gara finalarekin gustura geratu, normala den moduan min ematen du halako partidu bat galtzeak, baina torneo osoan erakutsi dugun mailarekin geratzen naiz", gaineratu zuen antzuolarrak.

Senior mailan, berriz, indarrak parean izan ziren. Amaia Aldaik eta Olatz Ruiz de Larramendik Olatz Arrizabalagaren eta Nora Mendizabalen aurka neurtu zituzten indarrak eta azken horiek gailendu ziren (22-20). Norgehiagoka erdira arte Olatz eta Nora aurretik ibili ziren markagailuan; Olatzek min egin zuen bai sakez eta baita aurrean egin zituen tantoei esker, baina partiduaren bigarren zatian aurrealdeko koadroetan huts batzuk egin zituen eta Amaia Aldai jokoan sartzen hasi zen. Baina, markagailuak 20-16 erakusten zuenean pilota aldatu zuten, eta hor egon zen Olatz Arrizabalagaren eta Nora Mendizabalen garaipenaren gakoa.

Txapelketarekin pozik  

Antolatzaileak gustora geratu dira aurtengo txapelketak eman duenarekin, nahiz eta bete egin diren ikusle kopuruaren gainean zeukaten aurreikuspena, Julen Aramburuk azaldu duen moduan: "Aurten egin dugun formatuarekin lehenengo bi jaialdietan jende gutxi izan zen harmailetan, eta zentzu horretan aurreikuspenak bete egin ziren. Baina, finalean oso giro polita izan zen. Horrekin batera, etxeko bi pilotariri halako torneo bat jokatzeko aukera eman diegu, eta euretako batek txapela jantzi du, Maddi Barrocalek. Horrekin batera, partiduak oso lehiatuak izan dira eta norgehiagoka politak ikusi ditugu. Txapeldunek, eta bereziki Nerea Gamindek, erakutsi dute maila politeko pilotariak direla. Horrenbestez, gustura geratu gara torneoak eman duenarekin.   

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak