Beren ohiko formatutik aldendu eta, "ilusioz", erronka berri bati egin beharko diote aurre Diablues Ta Bluezifer taldeko kide Asier Elorzak eta Mikel Etxeberriak zapatuan. Izan ere, diskoa kaleratu zutenetik eskainiko duten lehen emanaldia izango da biharkoa, Seminarixoan: "Gure musika dela-eta, ohituago gaude lokal eta taberna txikiagoetan eskaintzera kontzertuak, zutik, leku zaratatsuetan eta jendea zerbait hartzen dabilen bitartean. Oraingoan, baina, Seminarixora datorrena gu ikustera dator, eserita, eta hori beste erronka bat da".
Nahiz eta beste emanaldi batzuk aurreikusita izan, eta bailarako herrietan jotzeko asmoa duten, argi zuten lehen kontzertuak herrian behar zuela, Bergaran.
Musika baino gehiago
Hala ere, azaldu dute bihar Seminarixora joaten denak ez duela aspertzeko tarterik izango: "Ez da soilik bi musikariren emanaldi bat izango, hortik harago joango da. Gure urdina diskoko kantuez gain, beste hainbat ere prestatu ditugu kontzerturako. Mimo handiz gabiltza emanaldia prestatzen, eta berezia izango da, bai publikoarentzat, baita guretzat ere".
Aurkezpenerako kontzertua
Urrian kaleratu zuten Gure urdina lana bergararren bigarren diskoa da eta zortzi abesti ditu, guztiak euskal kantuen letrak eta blues doinuak nahastuz. Aurkezpenerako baliatuko dute biharko kontzertua, nahiz eta aitortu duten herritarren artean nahiko harrera ona izan duela. Herritarrak animatu dituzte bihar kontzertura joatera, eta, diotenez, "ez dira damutuko".
Disko "bitxia"
"Triste bizi naiz, eta hilko banintz hobe. Bururatzen zaizue blues kantu baterako izenburu hoberik?". Gogoeta hori izan zen Gure urdina diskoaren abiapuntua, eta hari horri tiraka iritsi ziren gainerako abestiak: "Jendeak kalean esan izan digu disko bitxia dela. Euskal abestien bertsioak dira, baina abesti guztiak ezagunak diren arren, zaila da batzuk azkar identifikatzea. Bertsio originaletik nahiko aldatuta ageri dira asko, bestelako doinu eta erritmoekin, moldaketa ugari egin ostean".