21 hilabeteren ostean, Orkestra Sinfonikoa jendaurrera itzuliko da zapatuan

Jon Irizar Aranguren 2021ko aza. 11a, 11:43

Orkestra sinfonikoaren talde argazkia 2019ko azaroan, Mariaren Lagundiko elizan, Enrike Txurrukak zuzendutako orkestraren lehen kontzertuan.

Azken urte eta erdian molde desberdinetan aritu diren arren, 2020ko Aratusteetatik jendaurrean aritu gabe ziren Bergarako Orkestra Sinfonikoko musikariak. Zapatuan itzuliko dira oholtzara. 20:30etik aurrera, Santa Zezilia kontzertua eskainiko dute Udal Pilotalekuan. Sarrera doakoa izango da.

2020ko otsailaren 21ean Beldurra nik? kontzertua eskaini zutenetik, bergararrek ezin izan dute herriko Orkestra Sinfonikoaz aurrez aurre gozatu. "Saiatu gara jo izan ezin dugun kontzertu bakoitza nolabait ordezkatzen, sareratu ditugun bideoen bitartez ez bada ere", adierazi dio Goienari Enrike Txurruka zuzendariak. 631 egun geroago izango dute barruko harra ateratzeko aukera.

Santa Zezilia kontzertuarekin itzuliko da orkestra jendaurrera. Azaroaren 13an, zapatua, Udal Pilotalekuan eskainiko dute emanaldia, arratsaldeko 20:30etik aurrera. Txurrukaren hitzetan, eta protokolo eta segurtasun distantziak tarteko, "oraindik entseatzeko baldintzak ez dira onenak, distantziekin oso zaila baita elkar behar bezala entzutea". Ondorioz, kontzertura "prestaketa onenarekin" heltzen ez direla onartu du zuzendariak. Hala ere, ilusioz begiratzen dio hasiera berri honi: "Behintzat, hasi gara martxan! Eta hori da garrantzitsuena".

Klasikotik gaur egunera

Txurrukaren gidaritzapean, bost obra eskainiko dituzte musikariek, "beti bezala" musika estilo eta garai ezberdinak uztartuz. Berritasun gisa, itzulera ospatzeko bereziki konposatutako obra bat entzuteko aukera ere izango dute pilotalekura hurbiltzen diren herritarrek. Hona, zehazki, zapatuko egitaraua:

  • Rosamunde (1823) - Franz Schubert
  • Andante Cantabile (1871) - Pyotr Ilyich Tchaikovsky
  • Oblivion (1984) - Astor Piazzola (Bakarlaria: Jesus M. Arriaran)
  • Errefuxiatuena (2017) - Izaro Andres (Bakarlaria: Eider Elorza)
  • Elkartze Doinua (2020) - Enrike Txurruka

Aholkuak

Azkenik, "kontzertuaz hobeto gozatzeko" hainbat aholku eman nahi izan dizkie aurrez Bergarako Orkestra Sinfonikoak herritarrei; besteak beste, telefono mugikorrak itzaltzea, sarrera irteeretarako obren arteko etenak aprobetxatzea edota piezek iraun bitartean isiltasun osoan egotea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak