Bergarako EAJ: "Bakearen alde egin zenuten guztioi, eskerrik asko!"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2021ko aza. 10a, 12:33

Bergarako EAJren udal taldearen ordezkariak batzokiaren atarian, artxiboko argazki baten.

Memoriaren Eguna da gaur EAEn eta egun seinalatuaren bueltan oharra kaleratu du Bergarako EAJk, Bakearen alde egin zenuten guztioi, eskerrik asko! lelopean. Hala, EH Bilduri eskaera bat egiteko ere baliatu dute eguna: "Gure herrian azaltzen diren mezu iraingarriak ezabatzeko eta gaitzesteko erabakia eta konpromisoa har dezala. Izan ere, demokrazian, bizikidetza eta normaltasun politikoa lortzeko helburuarekin ez dira onargarriak". 

Bergarako EAJk gogora ekarri du zein izango den aurtengo memoria egunaren helburu nagusia: "Bakearen alde egin zuten pertsona, elkarte eta mugimenduei eskerrak ematea da helburua. Egoera txarrenetan ere, bizikidetza demokratikoa eta giza eskubideen eta bakearen defentsan oinarritutako gizartea eraikitzen eta defendatzen ahalegindu diren pertsonen konpromiso zibikoa nabarmendu nahi da aurtengoan".

Iraganera begiratzearen garrantziaz dihardu EAJk, etorkizunera begira jartzeko: "Iraganera begiratu beharra dugu, iragana baita gure orainaldiaren zatia, eta gure etorkizunerako ikaskuntza izatea nahi dugu. Horregatik, iraganean bizikidetza demokratikoa eta giza eskubideen alde egin zuten horiei eskerrak emateko aprobetxatu nahi dugu guk ere".

Bergarara begirako lanketaz

Bergarara etorrita EAJk bizikidetzaren alde egiten duen lana azpimarratu dute: "Gure herria bizikidetzan oinarritutako herria izateko lanean dihardugu, ikuspegi etiko baten alde lan egiten jarraitzen dugu; giza duintasunean, errespetuan, giza eskubideen defentsan eta indarkeria guztien deslegitimizazioan oinarritutako Bergara baten alde; izan ere, ezein kausa politiko, ezein estatu-arrazoi ez baitago pertsonen duintasunaren gainetik".

EH Bilduri mezu bat ere helarazi nahi izan diote jeltzaleek: "Eskatu nahi diegu gure herrian azaltzen diren mezu iraingarriak ezabatzeko eta gaitzesteko konpromisoa har dezala. Demokrazian, bizikidetza eta normaltasun politikoa lortzeko bidean ez dira onargarriak. Mota honetako jokabideek ez dute lekurik gaur egungo gizartean eta bidea oztopatu besterik ez dute egiten. Horregatik, bizikidetzaren bidean konpromisoak har ditzan eskatzen diogu EH Bilduren Udal Gobernuari".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak